Astigarragako Zapiain sagardotegiak irabazi du Gipuzkoako XIX. Sagardo Lehiaketa

Markel Olano eta Zapiain sagardotegiko ordezkaria
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 19 junio 2020 17:06

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Zapiain sagardotegiak irabazi du Gipuzkoako Sagardo Lehiaketaren 19. aldia. Bertako sagarrarekin egindako sagardoa saritzea da lehiaktaren helburua, eta aurtengo edizioan 27 sagardogilek hartu dute parte.

Sari banaketa ostiral honetan egin da Gipuzkoako Foru Jauregian, eta bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako jarduneko diputatua eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztietako ordezkariak.

Aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera hiru kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea 72 puntutik gora, zilarra 65 eta 72 puntu artean, eta brontzea 60 eta 65 puntu artean. 60 puntuko minimoa lortu ez duten sagardotegiak dominarik gabe geratu dira, eta txapelduna bigarren dastatze fasean aukeratu da, urrezko kalifikazioa lortu duten sagardotegi horien artean.

Horrela, Sagardo Lehiaketako 2020ko edizioan 17 izan dira 60 puntutik gora lortu dituzten sagardotegiak: brontzezko kalifikazioa lortu du Petritegi sagardotegiak; zilarrezkoa Iparragirre, Oiharte, Alorrenea, Gurutzeta eta Etxeberria sagardotegiek, eta urrezkoa Itxasburu, Gartziategi, Akarregi, Urdaira, Isastegi, Zapiain, Izeta, Altzueta, Lizeaga, Aburuza eta Zelaia sagardotegiek.

Azkenean Astigarragako Zapiain sagardoetxea gailendu da. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko sailkapena erakutsiko duena.

EUSKAL SAGARDOA

Markel Olanok azpimarratu du lehiaketaren helburu nagusia dela bertako sagarrarekin egindako Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko sagardoa balioan jartzea, sustatzea eta saritzea: "Duela 3 urte ia ez zegoen sagastirik Gipuzkoan, eta sagardo gehiena kanpotik ekarritako sagarrekin ekoizten zen. Hala ere, sagardogintza tarte honetan asko aldatu da. Egun, Gipuzkoan ekoizturiko sagardoaren %33 bertako sagarrarekin eginda dago eta Euskal Sagardoa deitura duen sagardoa egitera bideratzen da".

Ildo horretan, Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak jakinarazi duenez, 2019ko kanpainan uzta handia izan da kopuruan: guztira 3,2 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira bertako 5,5 milioi kilo sagarrekin. "Sagardo lurrintsu eta orekatuak lortu dira, aurreko uztakoekin alderatuta arinagoak ahoan eta alkohol graduazio baxuagokoak orokorrean", adierazi du.

Contenido patrocinado