Atzerritar irakasleak "Euskaraz idatzitako testuak ulertzen" ikastaroa egiten ari dira Lazkaoko Maizpide euskaltegian

Maizpide euskaltegia, Lazkaon
Foto: ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 3 julio 2014 14:20
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

   Atzerriko irakasleei zuzenduta dagoen "Euskaraz idatzitako testuak ulertzen" izeneko euskaraz idatzitako testuen ulermenerako oinarrizko ezagutzarako ikastaroa hasi zen joan den astelehenean Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide Euskaltegia-Barnetegian. Uztailaren 11ra bitartean iraungo duen egonaldian, euskarazko testuak interpretatzeko eta egoki ulertzeko gakoak ikasiko dituzte nazioarteko ikasleek. Lehen aldiz egingo den ikastaro hau Eusko Jaurlaritzak homologatua izango da, HABEren bidez.

   Ikastaroa Etxepare Euskal Institutuaren eskaeraz antolatu da, University of Chicago unibertsitatean literatura espainiarra, euskalduna, galegoa eta katalana eta haien arteko harremanak ikertzen dituen Mario Santana Hizkuntzen Departamentuko irakaslearen iradokizunari jarraiki.

   Hain zuzen, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, Santana bera da ikasleetako bat eta ez da unibertsitate horretako partaide bakarra,  Joshua Baker ere Lazkaon baitago. Tennesseeko Sewanee Universityko irakasle David Colbert, iberiar penintsulako narratiban eta euskal literaturan eta zinegintzan aditua dena, eta Chicago Public Schools erakundeko Xavier Espejo-Vadillo ere ikasle gisa parte hartzen ari dira Maizpideko ikastaroan. University of California Santa Barbara zentroko Eva Michelle Wheeler ere bertan da programari esker, eta euskara ikasten ari da barnetegian.

   Euskarazko testuak ulertzeko ikastaroan testu errealak erabiltzen ari dira, eta batez ere era induktiboan jasotzen ari dira oinarrizko ezagutzak. Horrez gain, egunean ordubetez, bestelako ekintzak burutzeko aukera izango dute gainontzeko kurtsoetako ikasleekin: euskal dantzak, euskal abestiak, euskal kultura.

   Maizpide 1988an sortu zen Lazkaon. Dena den, lantalde honetako aitzindariak 1982an hasi ziren urte osoan barnetegiak antolatzen, eta egindako lanaren emaitza da Eusko Jaurlaritzak eraikin eta azpiegitura hau sortu izana. Urte hauetan guztietan 20.000 lagun baino gehiago euskaldundu dira bertan, eta azken urteetan Hego Amerika eta Ipar Amerikako ikasleekin ere ari da lanean on line ikastaroak eskaintzen, HABEren Euskara Munduan programaren barnean.

Contenido patrocinado