Bainu denboraldia asteburu honetan hasiko da Uribarri Ganboako urtegiko Garaio eta Landa hondartzetan

Europa Press País Vasco
Actualizado: sábado, 11 junio 2016 12:28

GASTEIZ 11 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bainu denboraldia asteburu honetan hasiko da Uribarri Ganboako urtegiko Garaio eta Landa hondartzetan, eta sorosleak izango dira asteburu honetan eta, etenik gabe, ekainaren 17tik abuztuaren 31ra bitartean. Profesionalen taldea zortzi soroslek eta zerbitzuko koordinatzaile nagusiak osatuko dute, eta asteburuetan eta jaiegunetan beste hiru sorosle jarriko dira (guztira, 11), bi Garaion eta bat Landan, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Bainu denboraldian zehar laguntzarako lau postu jarriko dira: bi Garaioko parkean, bat Landako parkean eta beste bat Uribarri Ganboako herriguneko hondartza aldean. Laguntza postuak irekita egingo dira jendea artatzeko eguerdiko 12.00etatik arratsaldeko 20.00ak arte. Gainera, hiru hondartzek izango dute umeentzako bainu esparru mugatu bana.

Arabako barrualdeko hiru hondartzek Bandera Urdinaren bereizgarria dute urte honetatik, uraren eta zerbitzuen kalitatea eta Zadorrako urtegien kontserbazio bereziko eremuetan kokatutako espazioen ingurumen kudeaketa aitortuz.

Bandera Urdinaren egiaztagiria lortzeko, Arabako Aldundiak hainbat jarduera egin du zerbitzuen eta azpiegituren kalitatea hobetze aldera. Besteak beste, Landan pasabide egokitua eraiki du -97 metro luze-, mugikortasun urriko pertsonak uretara eta komunetara hel daitezen. Horrelako egitura bat aspalditik dago Garaioko beste bi hondartzetan.

Halaber, Ingurumen eta Hirigintza Sailak parkeei buruzko informazioa hobetuko du. Horrela, taula informatibo berriak jartzeaz gain, ekainaren 17tik aurrera liburuxka informatiboak banatuko ditu azaltzeko zeintzuk diren erabilera eta ingurune naturalarekin bizikidetzan egoteko arauak.

Zehazki, motordun ibilgailuen erabilera arautu da (jendeari zabalduta dauden orduetan bakarrik sartu ahal izango dira, aparkaleku seinaleztatuetan, eta haien edukiera bete arteko kopurua bakarrik), eta gehienezko abiadura ere (ezingo dira ibili orduko 30 kilometro baino arinago, eta betiere oinezkoen lehentasuna errespetatuz). Soinua egozten duten gailuak (ezingo dira erabili pertsonak eta ingurunea gogaitzeko bolumenarekin) ere arautu dira. Era berean, mugatu egingo dira surf, windsurf, kite eta uretako patinak.

Halaber, etxeko abereak sartzeko eta edukitzeko modua ere arautu da: etxeko abereak ezingo dira sartu bainurako guneetara udako garaian, lotuta eraman beharko dira, eta gorotzak ezingo dira utzi parke barruan.

Contenido patrocinado