BILBO 4 Jul. (EUROPA PRESS) -
AFADEk (Euskadiko Ferietako Salerosleen Elkartea) Eudelek eta Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egin dute barraketako hizkuntza-paisaia euskaratzea helburu duen "Barraketan euskaraz" hitzarmena. Iaz sinatu zuten lehen aldiz lankidetzan jarduteko konpromisoa eta 2011ko emaitzak aztertu ondoren, hitzarmena berrestea erabaki dute hiru erakundeek.
Iaz bezala, Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilgunea arduratuko da barraketako euskarriak prestatu eta AFADEra helarazteaz. Aurten, gainera, Getxoko Udalak gertatu dituen euskarazko hainbat musika-bilduma jarri ditu Alkarbidek AFADEko arduradunen esku.
AFADEk Bizkaiko udalerrietan kudeatzen dituen 30 jai-esparruetan jarriko dira errotuluak, ele bietan edo euskara hutsean, ondoko udalerri hauetan, hain zuzen ere: Abadiño (Matiena), Areatza, Arrigorriaga, Balmaseda, Bakio, Basauri, Bermeo, Bilbo (Deustua/Errekalde), Elorrio, Durango, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Leioa, Lekeitio, Markina-Xemein, Muskiz, Mundaka, Mungia, Ondarroa, Ortuella, Plentzia, Santurtzi, Sestao, Sondika, Trapagaran, Ugao-Miraballes, Urduña eta Zornotza.
Nolanahi ere, Bizkaiko udaletako euskara zerbitzu guztiek ere eskura izango dituzte barraketan jartzeko kartel ereduak eta musika-bildumak, bakoitzak udalerriko jaietan egoki ikusten duen zabalkundea egin dezan.