BBK-k 53 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an Gizarte Ekintzarako, lehenengoz diru sarrera propioekin finantzatuta

Ezkerretik eskuinera: Gorka Martinez, Xabier Sagredo eta Nora Sarasola
EUROPA PRESS
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 10 diciembre 2025 14:01

BILBO 10 (EUROPA PRESS)

BBK Banku Fundazioak 53 milioi eurotik gorako aurrekontu errekorra onartu du 2026an Gizarte Ekintza arloko proiektuetarako. Aurrekontua diru sarrera propioekin finantzatuko da osorik lehenbiziko aldiz, Kutxabanken dibidendurik gabe.

Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak eta Nora Social erakundeko Gizarte Ekintza arloko zuzendariak asteazken honetan Bilbon egin duten prentsaurrekoan aurkeztu dituzte aurrekontuen xehetasunak, eta BBKren hamar urteko jardueraren balantzea egin dute. Gorka Martinez erakundeko zuzendari nagusia ere izan da bertan.

Sagredok gogorarazi du BBK Banku Fundazioa 2014an sortu zela eta "helburu argia baina epe luzekoa" zuela, alegia, partaide nagusi zuen Kutxabanken dibidenduen mende ez dagoen Gizarte Ekintza bermatzea. Printzipioz, adituek 2035 eta 2040 bitarte kokatu zuten helburu hori, baina hamar urte lehenago lortu da.

Horrela, BBKren Gizarte Ekintzaren 2026rako 53 milioi euroko aurrekontua bere diru sarrerekin bakarrik finantzatuko da, dibertsifikazio zorrotik eta beste gastu batzuetatik lortuak, Kutxabanken dibidendurik behar gabe.

Sagredoren iritziz, modu honetan, entitatearen kudeaketa ereduaren "heldutasun finantzarioa" geratu da agerian, eta "Bizkaiko garapen ekonomiko, sozial eta kulturalaren gaitasuna" sendotu da.

"53 milioi eurotik gorako Gizarte Ekintza, Estatu osoko biztanle bakoitzeko altuena, eta Kutxabankeko emaitzen mende egon gabe aurrera egitea ahalbidetuko duena", azaldu du.

BBK Espainiako Estatuko euskal enpresetan inbertitzaile nagusia da gaur egun, 5.200 milioi eurorik gorako zorroarekin, eta 1.500 milioi eurotik gora bideratu dizkie lurraldean enplegua eta balioa sortzen duten konpainiei, 10.000 enplegu zuzen baino gehiago sortzen lagunduz.

Errentagarritasun ekonomikoarekin batera, BBKren inbertsio jardueraren ezaugarri nagusia da inpaktu soziala maximizatzea eta bere jardueraren ingurumen inpaktua minimizatzea bilatzen duen printzipiodun inbertsioa garatzea.

Hortaz, Sagredoren hitzetan, hamar urtetan, BBK "Euskadiko inbertitzaile nabarmen" gisa posizionatu da, hiru joera globaletan zentratutako etorkizuneko ikuspegiarekin: trantsizio digitala, energetikoa eta soziodemografikoa.

Bere inbertsioen %90 Euskadiko proiektuetara dago bideratuta, motor ekonomiko eta sozial gisa duen betekizuna sendotuz. Iberdrola, CAF, Arteche edo Vidrala dira BBK partaide dituzten industria enpresetako batzuk. Gainera, tokiko start-up-entzat aukerak sortzen ere laguntzen du, BBK Venture eta Seed Capital programen bitartez.

Mugarri horiei esker, BBK-k 53 milioi euro baino gehiagoko aurrekotua osatu du Gizarte Ekintzarentzat, Estatu osoko biztanleko handiena, eta Kutxabanken emaitzen mende egon gabe jarraitzen du, datozen urteetan bere aktiboak 7.000 milioi eurora igotzeko konpromisoan aurrera egiten duen bitartean.

ERRONKAK ETA PROIEKTU BERRIAK

BBK-ko arduradunen arabera, Gizarte Ekintzarako 53 milioi eurotik gorako aurrekontua onartzeak ahalbidetuko du Bizkaian inpaktuko proiektuen aldeko apustua sendotzea, eta horrela, erakundeak 2026rako ekimen handiak ditu aurreikusita dagoeneko.

Xabier Sagredok aurreratu duenez, "aurrera egingo dugu teknologia berriak sartzen, talde ahulen inklusioa hobetzeko palanka gisa; parte hartzeko eta herritarrak aktibatzeko modu berriak diseinatu eta eskainiko ditugu Bizkaian; etxebizitza eredu berriak aztertuko ditugu, gero eta luzeago eta askotarikoagoa den gizarte baten beharrei erantzuteko; azkenik, lurraldeko start-up-etan eragina duen inbertsioaren alde egiten jarraituko dugu, gure gizarte zorroa bultzatuz".

Izan ere, BBK Banku Fundazioak 2026an garatuko duen proiektu nabarmenetako bat etxebizitza eredu berri bat da, hainbat erronka garrantzitsuri aurre egiteko aukera emango duena, hala nola etxebizitza eskuratzea, nahi ez den bakardadea, emantzipatzeko adina atzeratzea edo talentua erakartzea eta atxikitzea.

Hala, gazteak eta nagusiak modu autonomoan baina konektatuan bizitzeko gune bat erraztuko du, haien gaitasunak batuz eta komunitatean barneratuz. Gune horiek sortzeak, gainera, erabiltzen ez den etxebizitza bat liberatu eta zaharberritzea ekarriko du, eta erabiltzen ez diren eraikinei balioa emango zaie, auzoak eta komunitatean biziberritzen lagunduko delarik.

Bestalde, BBK-k 2026an egingo dituen beste ekimen garrantzitsu batzuetan ere egongo dira presente teknologia berriak. Alde batetik, kolektibo ahulen integrazioa eta bizi kalitatea hobetzea helburu, BBK-k jatetxe gastronomikoaren eredu berri bat abiatuko du, desgaitasunen bat duten pertsonek operatuko dutena, robotika erabiliz, BioBizkaiaren bitartez ikerketa eta errehabilitazioa egiteko, edo DaleCandela bezalako erakundeen eskutik gizarteratze eta bizi kalitatea hobetzeko.

BBKren arabera, teknologia "gaitasunak integratzeko palanka" da proiektu horretan, eta, gainera, errealitate hori gizartera hurbiltzea du helburu, jatetxeko bezeroek roboten bidez hitz egin ahal izango dutelako pertsona horiekin, eta, hala, gertutik ezagutu ahal izango dutelako istorio bakoitzaren atzean dagoen errealitatea. "Teknologia, humanismoa eta gastronomia uztartzen dituen ideia berritzailea, BBK Kunan kokatuko dena", gaineratu duyte.

Halaber, proiektu hau hirugarren sektorera zuzendutako laguntza deialdi berri baten aitzindaria izango da, dagoeneko merkatuan dauden teknologia berriak sartzeko, hala nola adimen artifizial sortzailea, automatizazioa edo robotika.

Laguntza horiekin, BBKk inpaktu sozial handiko proiektuak garatuko ditu, baztertze arriskuan dauden pertsonen bizi kalitate eta eraginkortasun terminoetan hobetuz.

"Hala, BBK-k Bizkai oparoa, lehiakorra, inklusiboa eta jasangarria eraikitzeko konpromisoa berresten du. Lurrari laguntzen mende bat baino gehiago eman ondoren, erakundeak bere horretan eusten dio bere jatorriaren funtsari: pertsonen zerbitzura egotea eta oraingo eta etorkizuneko belaunaldien ongizateari laguntzea", azaldu dute.

HAMARGARREN URTEURRENA

Bestalde, BBK-ko arduradunek gogorarazi dute erakundeak hainbat ekimen bultzatu dituela 2025ean bere hamargarren urteurrena dela eta, eta "Bizkaiko aurrerakuntza sozial, ekonomiko eta kulturalarekin duen konpromisoaren isla" izan direla.

Horrela, urtean zehar, ikerketa sanitarioko proiektuetatik hasi eta kultura zein ingurumen eta jasangarritasunari lotutako ekitaldi handietara doazen proiektuak antolatu dira.

"Gure hamargarren urtemuga Gizarte Ekintzaren jarduera sendotzeko eta hari ikusgarritasuna emateko aukera aparta izan da. Hamar mugarri handiren eta berrogei proiektu berri edo berriren baino gehiagoren bidez egin dugu, guztiak lurraldearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko diseinatuak", adierazi du Nora Sarasolak.

'Solstizium' ospakizuna, Biobizkaia BBK Brainlab laborategiaren irekiera, Lamia BBK Women Hostel ostatuaren inaugurazioa, Arde Bogota, Iñigo Atxezarreta (ETS) eta Amaia bildu zituen BBK Ria kontzertua, 'BBK Museo Hiria 2025 - Emakumeak sortzaile' erakusketa, 'Pollution Pods' murgiltze instalazioa, Daan Roosegaarde artistaren 'Waterlicht' instalazioa eta BBK ESG Hub Camarabilbao sarien lehen edizioa dira BBK-k bere hamargarren urtemuga dela-eta urtean zehar antolatutako ekimenetako batzuk.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado