BILBO, 22 (EUROPA PRESS)
BBK-k eta Bizipoza elkarteak animaziozko hiru film labur ekoitzi dituzte beharrizan bereziak dituzten adin txikikoen lan egiten duten Ume Alaia, Aspanif eta Apnabi elkarteen lana erakusteko. Dagoeneko banatu da ikus-entzunezko materiala Bizkaiko 280 ikastetxeren artean, beharrizan bereziak dituzten neska-mutilek egunero bizi dituzten zailtasunak ulertzen laguntzeko.
Ekimena 2017an jarri zen martxan, eta balioetan heztea eta ezberdinenganako begirunea sustatu nahi ditu, ipuinetatik ondorioztatzen diren irakaspenak eta marrazki bizidunek duten erakarmena erabiliz tresna bezala, BBK-k eta Bizipozak jakinarazi dutenez.
Hain zuzen, Bizipozak eta BBK-k bost film labur ekoitzi zituzten 2017an, "Irria" aldizkarian haurrentzat euskaraz argitaraturiko ipuinetan oinarrituta; aldizkaria Irrien Lagunak elkarteak argitaratzen du. Material didaktikoa beste hiru film laburrekin osatu zen 2018an, eta aurten beste hiru istorio bizidun egin dira.
Beharrizan bereziak dituzten neska-mutikoek eguneroko bizitzan dituzten zailtasunetan sakontzen dute ikus-entzunezko baliabide berriek. Bideoek baliabide erabilgarri izan nahi dute alde batera lagatzeko aldez aurretik pentsaturiko tabu eta ideia batzuk, betiere adiskidetasuna, lagunartekotasuna, elkartasuna, maitasuna eta besteenganako begirunea beza lako balioak irakasteko. "Kontua da neska-mutikoak errealitatera hurbiltzea, aurreiritzirik gabeko begiratu askeaz", azaldu dute.