DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)
Fortuna kirol elkarteak Behobia-Donostia lasterketaren aurtengo ediziorako izen-emate orokorra zabalduko du asteazkenean, maiatzaren 7an, eta, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin batera, parte hartzeko dei berezia egin die emakumeei, duela zazpi hasitako 'BSS 50/50/25' proiektuaren bidean.
Antolakuntzak konpromiso bat hartu zuen orduan genero berdintasunaren alde egiteko kirolean ere, 2025. urtean lasterketako partaideen erdia emakumeak izan zitezen.
Bada, aurtengo izen-emate epe orokorra asteazkenean irekiko denez, antolatzaileek, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak deialdi berezia egin diete emakumeei aurtengo lasterketan parte har dezaten eta, hala, 2025erako ezarritako 50-50 helburu parekidera gerturatzeko, 'Egin dezagun posible' lelopean.
Iñigo Etxeberria Behobia-Donostia lasterketako koordinatzaileak astelehen honetan egindako agerraldian azaldu du emakumeen belaunaldi berri baten partaidetzan igoera handia egon dela.
"Poztasun handia ematen digu lasterketan emakumeen belaunaldi berri eta indartsu bat agertu izana 20-30 urteko adin tartean, dagoeneko %40ko partaidetza langa gainditu duena azken edizioetan", gaineratu du.
Era berean, gogorarazi du 'BSS 50/50/25' proiektua aurkeztu zutenean bazekitela "epea motza" zela, baina horrela "normaltasun eza" adierazi nahi izan zutela.
"Garbi dago mugak ez direla fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baizik. Aurten, enfasi berezia jarri nahi izan dugu proiektuan, Behobia-San Sebastian parekide horretara iritsi ahal izateko", esan du.
Bestalde, Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, "kirola gizarte eraldaketarak tresna da eta 'BSS 50/50/25' proiektua horren isla da".
"Proiektu honek badu zerbait berezia: gizartetik sortua izan da, gizartearentzat. Erakundeon lana proiektu hauek laguntzea eta bultzatzea da. Horregatik, gaur, emakumeak animatzen ditugu pauso bat aurrera ematera eta proiektu honen azken kilometroetara batzera. Izan ere, aurten iritsiko gara ezarritako helmugara. Baina aldaketa sozial honek ez du mugarik. Bidea markatu dugu eta, orain, eraikitako bideari jarraipena eman behar diogu, bideari eutsi behar diogu", azaldu du.