GASTEIZ 26 Ene. (EUROPA PRESS) -
Beñat Garaio soziolinguista arabarrak 'Euskera eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai. D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen' ikerlana argitaratu du Euskaltzaindiaren eskutik. Akademiak bere Iker sailean kaleratu du liburua, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz.
Euskaltzaindiak jaskinarazi duenez, euskararen biziberritzea eta hizkuntzen jabekuntza dira Garaioren ikergai nagusiak, eta gai horiek jorratuz Tesi Onenaren VIII. Koldo Mitxelena Saria jaso zuen 2022an eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2023an. Hain zuzen, tesi hori da orain Euskararen Akademiak argitaratu duena.
Euskararen ikaskuntzarako baldintza "ez hain mesedegarrietan" aniztasuna kontuan hartzen diharduten Gasteizko bi eskolaren gaineko azterketa egitea izan da ikerketaren helburua.
Egileak berak adierazi du "diagnostiko baikor bat" egin nahi zuela "ikusteko bi eskola hauetan ere gauzak ondo egiten direla eta emaitza onak lortzen direla". Horrela, eleaniztasuna, euskara eta ikasleen ahozko gaitasuna aztertu zituen ikastetxeotan.
"Etorkin jatorriko ikasleek bertako ikasleekin ikasten diharduten eskolen emaitzak ikertzerakoan bi aldagai nagusitan oinarritu nintzen: batetik, aztertuko diren eskola komunitateetako kideen hizkuntzekiko jarrerak -euskara eta eleaniztasuna ardatz hartuta-, eta bestetik, ikasleen euskarazko ahozko komunikaziorako gaitasuna", azaldu du.
Hortaz, aldagai horietan lortzen diren emaitzei, eta, bereziki, lorpenei eta erronkei erreparatu zaie ikerlanean, eta emaitza "harrigarria" eta "oso positiboa" lortu duela aurreratu du soziolinguistak, datuak onak baitira, orokorrean.
Azterketaren arabera, gazteen jarrerek euskararen biziberritzea sostengatzen dute, ikasleen ahozko gaitasunak eskatutako zeregina betetzea ahalbidetzen duelako. Gainera, Euskal Herriko beste testuinguru euskaldunago eta homogeneoago batzuetako datuekin alderatuta, Gasteizko eskola horietan jasotako emaitzak beste eskola batzuen parean edo goitik ageri dira.