Bertsolari Txapelketa Nagusia Gotaine-Irabarnen izango da larunbatean eta Gasteizen igandean

Asteburu honetako bi saioetan arituko diren bertsolariak.
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: viernes, 30 septiembre 2022 12:22

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak aurrera darrai eta lehen faseko hirugarren eta laugarren saioak jokatuko dira asteburu honetan. Gotaine-Irabarnen (Zuberoa) izango da saioa larunbatean, urriaren 1ean, eta Gasteizen biharamunean, hilaren 2an. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsozale Elkateak jakinarazi duenez, Gotaine-Irabarneko herriko gelan izango da saioa larunbatean, eta Ane Labaka Mayoz, Eneko Lazkoz Martinez, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguaran Barandiaran eta Patxi Iriart Hiribarren arituko dira kantuan. Saioaren gidaria Aritz Bidegain Aire izango da.

Igandean, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan izango da saioa, eta Amaia Iturriotz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola eta Xabat Galletebeitia Abaroa elkartuko ditu. Oier Azkarraga Grajalesek izango du saioa aurkezteko ardura.

Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara, eta beste bertsolariek, berriz, puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera. Saioak 17:00etan hasiko dira eta ordubete lehenago irekiko dira ateak, 16:00etan. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; saioen egunetan, 15:00etan zabalduko da txarteldegia.

Bertsozale Elkartearen laguntzaile da Euskal Irratiak, eta larunbateko Gotaine-Irabarneko saioa zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du. Bertsoa.eus atarian ere izango da entzungai, Euskal Irratien lotura honen bidez.

Finalaurrekoetatik aurrera zuzenean jarraitu ahal izango dira saio guztiak www.bertsoa.eus atarian, www.eitb.eus atarian zein ETB4 katean, besteak beste.