Bilbo Hiria irratiko 'Zientzialari' irratsaioaren hamar urteak ospatzeko zuzeneko berezia egingo dute

Bilbo Hiria irratiko 'Zientzialari' irratsaioaren hamar urteak ospatzeko zuzeneko berezia egingo dute
ZENBAT GARA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 10 marzo 2026 14:54

BILBO 10 (EUROPA PRESS)

Bilbo Hiria irratiak 'Zientzialari' irratsaioaren jendaurreko emankizun berezia egingo du zuzenean asteazkenean, martxoaren 11ean, Bilboko Kafe Antzokian, irratsaioaren hamar urteak ospatzeko, Zenbat Gara elkartetik jakinarazi dutenez.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zenbat Gara elkarteak 2015ean abiatu zuten elkarlanean zientzia dibulgazioa euskara hutsez egiten duen ekimena, saioaren hasierako lokuzioak dioen moduan, "zientzia gizarteratu eta haren balio, historia eta lorpen nagusiak hedatzeko" helburuarekin.

2015eko azaroan aireratu zen 'Zientzialari' irratsaioaren lehenbiziko saioa. Xabier Monasteriok gidatu zuen hasierako urteetan eta, egun, Jabi Zabalak aurkezten du. Denbora honetan, 140 zientzialari euskaldun igaro dira Bilboko irrati euskaldunaren mikrofonoetatik eta, asteazkenean, saioaren ibilbidea gogoratzeaz gain, zientzialari bati elkarrizketa egingo diote, ohi bezala, baina entzuleen zuzeneko parte hartzearekin.

Saioak izan dituen bi aurkezleak izango dira bertan, Monasterio eta Zabala, egun EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria den Iker Badiola biologoarekin. Badiola bera irratsaioan egona da eta, hain zuzen ere, 2017ko CAF-Elhuyar saria irabazi zuen berak eta Xabier Monasteriok egindako 'Minbizia eta beronen metastasia' goiburuko saioak.

Asteazkeneko saioan, bestalde, Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalaria izango da gonbidatutako zientzialaria, 'Euskara ikastea beste hizkuntza batzuk ikastea baino zailagoa da?' gaiaren inguruan. "Gai aproposa" izango da emanaldirako, besteak beste, Gabriel Aresti euskaltegiko euskara ikasle batzuk izango baititu publikoan, galderak egiteko prest.

Saioa 18:30ean hasiko da, 45 minutuko iraupena izango du eta zuzenean jarraitu ahal izango da Bilbo Hiria irratiaren irrati seinalean (FM 96.0) zein zuzeneko 'streaming' bidez. Kafe Antzokiko Kutxa Beltza espazioan izango da, goiko solairuan, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Contador

Contenido patrocinado