BilboEner erakundeak energia eraginkortasuneko eta sorkuntza berriztagarriko proiektuak sustatu eta garatuko ditu

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak BilboEner aurkezten.
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 4 octubre 2023 13:39

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

BilboEner erakunde berria sortu dute Bilboko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak, hiriko energia trantsizioko estrategiaren eta Euskadiko 2030erako energia estrategiaren esparruan energia eraginkortasuneko eta ekoizpen berriztagarriko proiektuak sustatu eta garatzeko, eta, horrela, estrategiotan zehaztutako helburuak lortzen laguntzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiak aurkeztu dute BilboEner asteazken honetan, Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan egindako agerraldian.

Aburtok azaldu duenez, hornidura berme, kostu lehiakortasun, jasangarritasun eta garapen teknologikoko irizpideei jarraikiz, "asmoa da BilboEner hiriko energia esparruan erreferentziazko erakunde bihurtzea, energia eraginkortasunari eta energia berriztagarrien garapenari egiten dion ekarpenagatik".

"Urratsak egiten ari gara energia-trantsiziorantz, kontsumoa murrizteari eta baliabide propioak sortzeari dagokionez, eta pauso horiek, hain zuzen, indarreko legediaren arabera udalean sortzen ari garen Energiaren arloko Jarduketa Planaren helburuetako batzuk dira", gaineratu du.

Bestalde, Energiaren Euskal Erakundearen eta Bilboko Udalaren arteko "etengabeko lankidetza" nabarmendu du Ansolak, "hirirako energia hobetzeko proiektu ugari garatzeko aukera eman digulako, kasu honetan, BilboEner, energiaren arloan erreferentziazko erakunde berria, eredu energetikoaren aldaketan urrats berri bat dena, eta bi erakundeoi energia aurrezteko eta hiribilduan energia iturri garbiak erabiltzeko laguntza emango diguna".

EGITEKOAK

Bada, BilboEner erakundearen egitekoak izango dira, batetik, proiektu bereziak bultzatzea eraginkortasun energetiko eta jasangarriaren aldeko urratsak egiten hobekien laguntzen duten interes taldeekin, gizarteari irizpideak emanez energiarekin lotutako balioetan, eta, bestetik, energiaren arloko jarduketa planen helburuak betetzen laguntzea, lankidetza publiko-pribatuaren bidez.

Horrela, Bilboko Udalari eta Energiaren Euskal Erakundeari lagunduko die hiriko energia eta hirigintzako politika eta plan integraletan, eta lehendik dauden instalazioak optimizatu eta hobetzen lagunduko du; adibidez, Artigasko zabortegiko biogas planta eta Ordunteko urtegiko zentral hidroelektrikoa, biak ala biak Bilboko Udalaren eta Energiaren Euskal Erakundearen jabetza partekatukoak.

BilboEnerrek dagoeneko badu pertsona bat kudeaketan eta beste bat instalazioen mantentze lanetan -langile gehiago kontratuko dira funtzioen arabera-, eta erakundearen ardura izango da Bilbon energia eraginkortasunaren jarraipena egitea eta koordinatzea zeharka. Gainera, Energia Jasangarritasunerako Batzordean parte hartuko du; batzorde horrek jada egin du agintaldiko lehen bilera, eta gaian eskumena duten udaleko sail guztiek hartzen dute parte bertan.

Modu honetan, BilboEnerrek udal maila guztietan egingo du lan, barnera begira, kontzientzia energetikoa integratuz eta arlo guztietako langileen prestakuntzan lagunduz, zein kanpora begira. Horretarako, soluzio energetiko berriak aztertu ditu eta, hala badagokio ezarriko ditu; Europako beste hiri nabarmen batzuetako energia eraginkortasuneko ereduak eta planak aztertuko ditu, eta aliantza iraunkorrak ezarriko ditu, beti Bilboko Udalaren eta Energiaren Euskal Erakundearen interesekin lerrokatuta.

Contenido patrocinado