Bilboko Udalak Sexu eta Genero Aniztasunaren I. Udal Plana onartu du

Bilboko udaletxea
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 14 mayo 2025 11:20

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko gobernu bilerak Sexu eta Genero Aniztasunaren I. Udal Plana onartu du 2025-2023 epealdirako asteazken honetan, eta LGTBIQA+ pertsonen eskubideekin eta hiri bidezkoago, pluralago eta sexu eta genero aniztasunagatiko indarkeriarik gabekoa eraikitzearekin Bilboko Udalak duen konpromisoa sendotuko du.

Jardunbide egokien ikerketa eta azterketan eta tokiko errealitateari buruzko diagnostikoan oinarritutako parte hartze prozesuaren emaitza da onartutako dokumentua, eta LGTBIQA+ Foroa osatzen duten elkarteen inplikazio aktiboa izan du. Beste gizarte eragile batzuek ere parte hartu dute, baita Bilboko Udaleko alderdi politiko guztien ordezkariek osatzen duten Berdintasun Planen Jarraipen Batzorde Politikoak ere.

Itziar Urtasun Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziak adierazi duenez, "plan hau urrats historikoa da Bilborentzat. Konpromiso sendoa da giza eskubideekiko, pertsona guztien duintasunarekiko, eta inklusioan eta justizia sozialean erreferente izan nahi duen hiri honekiko".

Era berean, "elkarrizketaren eta parte hartzearen ondorioz" sortu den plana dela nabarmendu du, "aniztasunak gizarte gisa aberasten gaituelako ustearekin". "Ez gara hutsetik abiatzen, baina jauzi kualitatibo bat egin dugu, inortxo ere diskriminatzen ez dela bermatzeko", esan du.

Planak zortzi printzipio orientatzaile jaso ditu prestatzeko prozesuan identifikatutako beharrei erantzuteko. Printzipio horien artean daude sexu eta genero aniztasunaren zeharkakotasuna politika publikoetan, ikuspegi intersekzionala, ikuspegi feminista eta giza eskubideen ikuspegia, gizartearen parte hartzea, eta esku hartzeetan lehentasuna izango duten kolektiboen identifikazioa: transexualak, lesbianak, adinekoak, migratuak, adingabeak eta desgaitasuna duten pertsonak.

Printzipio horiek guztiak funtsezko helburu bat lortzera bideratuta daude, alegia, pertsona guztientzako ingurune inklusiboa eta errespetuzkoa sustatzea eta bermatzea, norberaren orientazioa edota genero identitatea edozein dela ere.

Identifikatutako erronkei erantzuteko, planak hiru lan ardatz bereizten ditu: zeharkakotasuna eta udal politiken koordinazioa, sentsibilizazioa, trebakuntza eta ahalduntzea, eta sexu eta genero orientazioagatiko indarkeriarik gabeko guneak. Ardatz bakoitzak zenbait jarduketa ildo ditu, eta horiek, aldi berean, ekintza zehatzak jaso dituzte.

ARDATZAK

Zeharkakotasuna eta udal politiken koordinazioaren inguruko ardatzak sexu eta genero aniztasunaren ikuspegia txertatu eta ikusarazi nahi du Bilboko Udalaren politiketan, hau da, barne mailan lan egitea eta udal funtzionamenduaren barruan egiturak eta tresnak eskuratzea du helburu.

Horretarako proposatzen diren lan ildoen artean daude lan prozeduretan sexu eta genero aniztasuna txertatzea erraztuko duten baliabideak eta tresnak sortzea eta indartzea; udaleko politikarien eta teknikarien prestakuntza eta trebakuntza bultzatzea; erakundeen arteko koordinazioa eta gizarte eragileekiko eta hirugarren sektorearekiko lankidetza indartzea.

Sentsibilizazioa, trebakuntza eta ahalduntzea lan ardatzari dagokionez, funtsean, herritarrekin eta gizarte eragileekin lan egitera bideratuta dago, LGTBIQA+ pertsonen errealitateei eta eskubideei buruzko kontzientzia hartzea sustatzeko eta pertsona horien posizio pertsonal eta kolektiboa indartzeko.

Helburu horrekin, aurreikusi da herritarrei eta kolektibo espezifikoei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak diseinatzea, sexu eta genero aniztasunarekin lotutako elkarte sarea babestea eta indartzea, herritarrak eta gizarte eragileak trebatzea, eta LGTBIQA+ pertsonen errealitatea eta eskubideak aintzat hartzen dituzten arte eta kultura jarduerak sustatzea.

Hirugarren ardatz estrategikoa sexu edo genero aniztasunagatiko indarkeriarik gabeko Bilbo bat lortzeari buruzkoa da. Horretarako, bi lan ildo planteatzen dira, bata prebentziora bideratua eta bestea biktimei laguntzera bideratua.

Prebentzioaren arloan, lehentasunezkotzat jotako kolektiboetan jarri nahi izan da arreta, bai eta hainbat gizarte eragileren sentsibilizazioan ere, beharrezkoa baita. Arretari dagokionez, LGTBIfobiaren biktimentzako arreta bultzatu eta koordinatu nahi da, trebakuntza eskainiz eta hainbat sektorerekin lankidetzan arituz.

Contenido patrocinado