Bildarratzek harrera egin die aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileei

Bildarratz Ibilaldiko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariekin.
IREKIA
Publicado: jueves, 27 mayo 2021 16:46

BILBO, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak harrera egin ie ostegun honetan Bizkaiko ikastolen aldeko Ibilaldia festaren antolatzaileei, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan, Bilbon.

Hain zuzen, Leioako Betiko ikastolako zuzendari Maite Zelaiarekin eta Sopelako Ander Deuna ikastolako zuzendari Xabier Ugalderekin elkartu da Bildarratz. Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellitu eta Ikastolen jaien arduradun Joseba Aginagalde ere han izan dira.

Aurtengo Ibilaldia Sopela eta Leioan ospatuko da, igandean, maiatzaren 30ean, 'Kalakalata!' leloarekin. Halabeharrez, erabat ezohikoa izango da jaia, covid-19ren aurkako neurriak betez: ez ibilbiderik, ez kontzertu erraldoirik, ez janari eta edari zerbitzurik.

Hala ere, lau gune nagusi izango dira Sopelan, baina ezinezkoa izango da batetik bestera mugitzea, eta guneren bateko jardueretan parte hartu nahi duen orok, aurrez izena eman eta lekua hartu beharko du, Ibilaldiaren webgunearen bidez. Gune batzuetarako eta zenbait ordutarako eskaerak beteta daude dagoeneko.

Ibilaldiko arduradunek aurtengo jaiak izango dituen ezohiko ezaugarrien berri eman diote Hezkuntza sailburuari, antolakuntzako gainerako xehetasun eta neurriak azaltzearekin batera. Bildarratzek antolatzaileei jakinarazi die igandean bertan izango dela.