BILBO 3 Jul. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portu Agintaritzak lankidetza hitzarmena berritu dute, Bilboko Portuko instalazioetan gertatzen diren larrialdiak prebenitu eta haiei erantzuteko (itsasontziak barne), Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendurako Foru Zerbitzuaren bidez.
Lankidetzak ia hiru hamarkada bete ditu jada eta, orain arteko emaitzak "bikainak" izan direla egiaztatuta, bi erakundeek beste lau urtez luzatzea erabaki dute, foru eraundeko arduradunek adierai dutenez.
Bada, Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu kontseiluak ostegun honetan onartutako lankidetza hitzarmen berriak 1.300.000 euroko aurrekontua du larrialdiei aurre egiteko eta esku hartze ekipoak eskuratzeko. Bilboko Portu Agintaritzak urtetan inbertituko du dirutza hori, eta ekarpena 315.000 eurotik 325.000 eurora igo da urteko aurreko hitzarmenaren aldean.
Hitzarmenaren bitartez, Bizkaiko Aldundiko suhiltzaileek Bilboko Portuan esku hartzeko talde gisa duten posizioa indartu da. Esku hartzeak egingo dituzte portuan gertatzen diren sute eta ezbeharretan, eta autobabeseko funtzioak hartuko dituzte beren gain, arriskuen prebentzioko, alarmako, ebakuazioko eta sorospeneko ekintzetarako, eta suteak itzaltzeko, erreskateko, salbamenduko eta funtsezko zerbitzuak birgaitzeko ekintzetarako.
Gainera, Bilboko Portu Agintaritzarekin lankidetzan arituko dira gorabeherak ikertu eta aztertzeko, prebentzio eta prestakuntza ikastaroak egiteko, eta suteen aurkako instalazioen obra edo erreforma berriei buruzko proiektuak eta txostenak egiteko. Entrenatzeko maniobrak eta simulakroak ere egingo dituzte.
Era berean, arriskuak prebenitzeko eta minimizatzeko neurri gisa, suteen aurkako suhiltzaileen zaintza taldeak egongo dira, behar diren baliabide teknikoekin, bereziki arriskutsutzat katalogatutako salgaien zamalanak egiten diren bitartean.
Bestalde, Bilboko Portuko Agintaritzak jarraituko du Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileei ekipo teknikoak eta prestakuntza berezia eskaintzen portuan gerta daitezkeen istripuetan esku hartzeko, portuaren ezaugarri bereziak kontuan hartuta.
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak erantzun azkarra eta eraginkorra bermatuko du portu eremutik gertu dauden parkeekin, bereziki Uriosteko suhiltzaile etxearekin, kokapen estrategikoari eta sarbide ugariei esker.