BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak, Kultura Sailak eskatuta, Barton Films enpresari 81.750 euroko diru-laguntza ematea erabaki du. Diru-laguntzaren helburua da "Zinema Zabaltzen" izeneko programaren kudeaketaren ondorioz sor daitezkeen gastuen zati bat finantzatzea. Programa horren barruan, "Arthur eta munduen gerra" haurrentzako pelikula euskaraz jartzeko beharrezko bikoizketa-lanak burutuko dira.
Foru erakundetik nabarmendu dute proiektu hau Bizkaiko ikus-entzunezkoen industriarako "bultzada handia" dela, batetik, euskarazko bikoizketa-teknikak hobetzen laguntzen duelako -bikoizketa ezinbesteko prozesua da beste hizkuntza batzuetan sortutako interes publikoko ikus-entzunezkoak euskaraz izateko-, eta bestetik, kalitateko pelikula bat ikusteko aukera ematen diolako gizarteari.
Beraz, Barton Films, S.L. enpresaren "Zinema Zabaltzen" programak interes publiko eta kultural argiak dauzka. Zinea eta, oro har, ikus-entzunezkoen kultura gaur egungo kulturaren oinarrizko osagai dira, bai sorkuntza artistikoaren ikuspuntutik bai zabalkunde eta industria kulturalaren ikuspuntutik.
Gainera, proiektuak xede zehatz eta osagarriak biltzen ditu bere baitan, hain zuzen, ikus-entzunezkoen kultura zabaltzea, publiko gazteak hurbiltzea zinera (zinea adierazpide artistikotzat hartuta) eta zinema-aretoetara (sustatu beharreko kultura-ekipamendutzat hartuta) eta euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen eskaintza handitzearen aldeko apustu egitea. Horren guztiaren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak interes publikokotzat eta, areago, beharrezkotzat jotzen du Bizkaiko kultura-industrietan sortzen diren honelako ekimenei laguntza ematea.