BILBO 23 (EUROPA PRESS)
Zuzenbidearen Euskal Akademiak hiru jardunaldi antolatu ditu azarorako Bilbon Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena aitzakiatzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien babesarekin eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin.
Bost mendeetan zehar euskararen biziraupenerako elementu juridiko oinarrizkoa izan da Bizkaiko Foru Barria, batez ere Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Bizkaiko Foru Aldundian, eta, besteak beste, Foruak ekarritako onurak azpimarratuko dira jardunaldiotan, Euskaltzaindiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Azaroaren 4an izango da estreinako sinposioa, Bizkaiko Batzar Nagusietan, 'Zuzenbide Publikoko Sinposioa, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta' lelopean. Azaroaren 12an, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan izango da bigarren saioa: 'Zuzenbide Pribatuko Sinposioa, Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta'.
Azken jardunaldia, azaroaren 19koa, Euskaltzaindiaren egoitzak hartuko du, 'Bizkaiko Foru zuzenbidea eta euskara: 500 urte elkar biziz (1526-2026)' izenburupean. Egun horretan, Andres Urrutia, Josu Erkoreka, Gotzon Lobera, Adolfo Arejita eta Koldo Bijueska hizlariek parte hartuko dute.
Jardunaldian, arreta berezia eskainiko zaie hiru gairi: Bizkaiko Forua euskalkien eramaile gisa, foru terminoen euskarazko hiztegi juridikoak eta Bizkaiko autore klasikoak (Mogel, Frai Bartolome, Astarloa, Anibarro...); Bizkaiko Forua eta euskaldunen foru antolaketa eta hizkuntza eskubideak historian zehar; Bizkaiko Foruak euskarazko literatur lanekin duen harremana eta euskara berreskuratzeko duen garrantzia.
Jardunaldi berean, 'Bizkaia (1526-2026). Foru-testuak euskaraz' (Bizkaiko Foru Barritik datozen legeen euskarazko testuak) eta 'Bizcaico porubac emoten deust escubidia' argitalpenak aurkeztuko dira, Euskaltzaindiaren 'Hitzak Lege' erakusketarekin batera. Erakusketa ikusgai izango da urtarrilaren amaiera arte.