CyberIndustry biltzarrak 320tik gora aditu bilduko ditu aste honetan Bilbon

Archivo - Tecnaliako langileak
TECNALIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 16 junio 2025 13:30

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Tecnalia ikerketa zentroak SPRI Taldearen laguntzarekin antolatutako CyberIndustry biltzarra egingo da asteartean eta asteazkenean, ekainaren 17an eta 18an, Bilboko Azkuna Zentroan, eta 200 enpresatako 320 aditu baino gehiago bilduko ditu "eskaintza teknologiko espezializatua eta sektore estrategikoen eskakizun zehatzak lotzeko".

Antolatzaileek adierazi dutenez, zibersegurtasuna funtsezko teknologia bihurtu da Euskadin, bertako sektore estrategikoak gero eta digitalizatuagoak eta konektatuagoak daudelako.

"Euskadiko ehun teknologikoa sendoa da, bereziki industria, energia, osasun eta, orain, industria aeroespazial bezalako funtsezko sektoreeetan, eta sektore horiek guztiek zibersegurtasuneko soluzio aurreratuak behar dituzte lehiakortasuna, osotasuna eta erresilientzia bermatzeko", azaldu dute.

Bada, Euskadiko ekonomiarako "funtsezkoa" da eskaintza teknologiko espezializatua eta sektore estrategikoen eskakizun zehatzak lotzea, eta hori da, hain zuzen ere, CyberIndustry biltzarraren lehen edizioaren helburua.

Tecnaliak antolatu du topaketa, SPRIren laguntzarekin diseinuan eta zabalkundean. Bilboko Azkuna Zentroan egingo da, asteartean eta asteazkenean, ekainaren 17an eta 18an, eta nazioarteko hizlariek hartuko dute parte, zibersegurtasun industrialeko erronkei eta soluzioei buruzko eztabaida aberasteko eta ikuspegi globalez hornitzeko. 200 enpresatako 320 lagun baino gehiago izango dira, eta Cyberzaintza Zibersegurtasunaren Euskal Agentziako ordezkari bat ere izango da.

Topaketaren helburua da urtean behin "erreferentziazko topagune" bihurtzea zibersegurtasunaren balio kate osoarentzat, bai Euskadin, bai nazioartean.

Horrela, ezagutza aurreratuak eta 'networking' espezializatua eskaintzeaz gain, Euskadi "zibersegurtasuneko lehen mailako erreferentzia gisa sendotzen" lagunduko du ekitaldiak, eta horrela, "bertako industria sarea indartuko eta Euskadiren lehiakortasun teknologikoa eta ekonomikoa bultzatuko du".

CyberIndustry biltzarrean izango dira azken erabiltzaile diren enpresak, hornitzaile teknologikoak, ikerketa zentroak, unibertsitateak eta eragile instituzional eta sektorialak.

Guztien helburua izango da, batetik, elkarrizketa espezializatu bat bideratzea zibersegurtasunak sektore kritikoetan dituen erronka espezifikoak identifikatu ahal izateko, eta, bestetik, lankidetza eraginkorra sustatzea erronka horiei aurre egin behar dietenen eta teknologia aurreratuekin soluzioak eman ditzaketenen artean.

Contenido patrocinado