DBHko 193 ikaslek Zabalgana Institutu berrian hasiko dute datorren ikasturtea, Gasteizen

Zabalgana Institutu berria bisitatzen
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 2 julio 2018 13:53

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak 8,1 milioi euro inbertitu ditu bigarren hezkuntzako Zabalgana Institutua eraikitzeko lanetan, Gasteizen, eta datorren irailean, 2018-2019 ikasturtea hastearekin batera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 193 ikasle sartuko dira instalazio berrietara.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Zabalgana Bigarren Hezkuntzako Institutuko eraikin berria bisitatu dute astelehen honetan, ikastetxeari izena ematen dion Gasteizko Zabalgana auzoan.

Ia bi urte iraun duten lanen ondoren, irailerako dena prest egon dadin egin beharreko azken ukituak egiten ari dira une honetan institutu berrian, eta udan zehar, ikasturtea hasteko beharrezko duen ekipamenduaz hornituko da ikastetxea. Azken urteetan Euskadin derrigorrezko etaparako hezkuntza azpiegituretan egin den inbertsiorik handiena da Zabalganakoa.

Orotara, 11.000 metro koadrotik gorako azalera eraikia duen eraikin berriak DBHko zazpi lerro eta Batxilergoko lau lerro izango ditu. Horrela, bi hezkuntza etapa horietako 940 ikasle inguru hartzeko gaitasuna izango du. Eraikitzeko 8.128.505,60 euroko inbertsioa (BEZ barne) behar izan duen azpiegitura berriarekin, Eusko Jaurlaritzak "erantzun egokia eman nahi die Arabako hiriburuan azken urteotan biztanleria hazkunderik handiena izan duen auzo honetako hezkuntza premiei".

Hain zuzen ere, helburu horrekin, Zabalganan Aldaialde ikastetxe publikoa izango denaren proiektua egi bihurtzeko izapideak egiten ari da une honetan Hezkuntza Saila. Gasteizko auzo horretan Hezkuntza Sailak eraikiko duen Haur eta Lehen Hezkuntzako hirugarren ikastetxe publikoa izango da Aldaialde, Zabalgana eta Mariturri ikastetxeak eraiki ondoren.

Zabalgana Institutuarekin gertatuko den moduan, Hezkuntza Sailak sustatu dituen beste hainbat azpiegitura berri ere martxan jarriko dira datorren irailean, ikasturtea hasterarekin batera, besteak beste, Pagasarribide Institutua (Bilbo), Urduliz Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea handitzeko lanak (lau milioi eurotik gorako inbertsioa), Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe berria eta Haur Hezkuntzareko ikasgela eraikin berria Dulantzin.

IA 200 IKASLE

Horrela, 2018-2019 ikasturtea hastearekin batera, DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailetako 193 ikasle sartuko dira Zabalgana Institutuko eraikin berrira, hiru lerrotan banatuta. Ondoren, ikasturtez ikasturte, eta ikasle berriak iritsi ahala, instalazio berriak betetzen joango dira, Batxilergoko bigarren mailara iritsi eta ikastetxearen gaitasun osoa bete arte.

Duela bi urte institutua sortu zenetik, Zabalgana BHI Gasteizko Ramiro de Maeztu Institutua izan zenaren egoitzan egon da. Zabalgana Institutuan eskola ibilbideari jarraipena ematen diote Zabalgana, Mariturri eta Miguel de Cervantes ikastetxeetako neska-mutilek, Lehen Hezkuntza amaitu ondoren.

Zabalgana Institutuko eraikin berriak "U" forma dauka, eta lau eraikin bolumenek osatzen dute. Eraikin errektangular nagusi bat da lehena, erabilera orotarakoa (Zuazoko Atea kalean). Eraikin horrek sarrera nagusia eta DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek erabiliko dituzten ikasgelak hartzen ditu.

Eraikin nagusitik beste bi eraikin bolumen irteten dira, "U"-aren bi besoak osatuz. Bata DBHko eraikina da (errekaren ondoan), eta bestea Batxilergokoa. Eraikinotan ikasgelak kokatzen dira, eta bien arteko espazioan berriz, jolastoki zabala. Azkenik, gimnasioa eta pista estalia hartuko dituen eraikin bolumena DBHko eraikinari atxikirik egin da.

Institutu berriak behe solairua eta horren gainean eraikitako beste bi solairutan banatzen ditu bere instalazio guztiak, eta orotara eraikitako 11.369,83 metro koadroko azalera du.

Contenido patrocinado