Denboraleak kaltetutako etxebizitzetarako laguntzen sail bat sortu du Donostiako Udalak

Denboraleak Donostian eragindako kalte batzuk
Europa Press
Europa Press País Vasco
Publicado: viernes, 6 junio 2014 17:16

DONOSTIA 6 Jun. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak diru laguntzen sail berri bat jarri du martxan, 2011ko uholdeek -Txomin Enea, Loiola eta Martutene- eta 2014ko otsaileko denboraleak eragindako kalte ekonomikoak partzialki arintzeko helburuarekin. Zehazki, kaltetutako etxebizitzetako hobekuntzen Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) diruz laguntzeko izango dira laguntzak.

Laguntza hauetarako zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da. Hala ere, gerora handitu daiteke zenbateko hori, gastatu gabeko aurrekontu erabilgarria egonez gero, kredituak sartzean edo sortzean aurrekontu erabilgarri handiagoa badago Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ez du eragingo eskaerak aurkezteko beste eperik irekitzea.

Diru laguntzaren bidez, kaltetutako etxebizitzetan hobekuntza lanak egiteko gauzatze materialaren kostuari dagokion zenbatekoa ordainduko da EIOZen, betiere etxebizitza horiek familia unitatearen ohiko bizilekuak baldin badira, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Etxebizitza lehengo egoeran jartzeko beharrezkoak diren lanen osagarri gisa egiten direnak joko dira hobekuntza lantzat; izan ere, hobetzeko ez baizik eta etxebizitzak lehen zeuden bezala uzteko diren lanak Aseguruen Partzuergoak ordainduko baititu.

Etxebizitzen jabeak, usufruktudunak edo maizterrak izan daitezke onuradunak, beren urteko diru sarrerak, bizikidetza unitateko kide kopuruaren arabera, ondorengo zenbatekoak gainditzen ez badituzte: kide bat edo biko unitateen kasuan, 30.000 euro; hiru edo lau kideko unitateen kasuan, 37.000 euro; lau kide baino gehiagoko unitateen kasuan, 45.000 euro.

Ezintasunen bat edo lanerako ezintasuna daukan seme-alaba bakoitza unitateko bi kide balira bezala zenbatuko da. Eskaera hauek aurkezteko epea gaur hasi da eta 2014 osoan irekita egongo da. Bai egitekoak diren hobekuntza lanetarako bai eginda daudenetarako eskatu ahal izango dira diru laguntzak. Eskaerak Udalaren Erregistro Orokorretako batean aurkeztuko dira, Erregistroetan bertan emango den eredu normalizatuan edo www.donostia.org web orriaren bidez.

Contenido patrocinado