Donostia Kirolak 27 lanpostuko lan eskaintza publikoa egin du, "bere historiako handiena"

Udal igerileku bat Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 14 noviembre 2018 13:27

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Donostia Kirola erakundeko Artezkaritza Kontseiluak "bere historiako lan eskaintza publikorik handiena" onartu du, 22 lanposturekin. 2017ko bukaeran onartu zen lan eskaintza publikoaren beste bost plazak gehituko zaizkie lanpostu berriei, eta horrela, 27 plaza eskainiko dira.

Aurreko urteetan egon diren murrizketa legalek ekarri dute erakundearen plazen %40 inguru bitarteko langileekin beteta izatea. Horregatik, lan eskaintza publikoak egiteko baldintzak aldatu ondoren, Donostia Kirolak erabaki du legeak uzten dituen hutsik dauden gehienezko plazak ateratzea, "kalitatezko enplegu publiko egonkorraren aldeko apustuan".

Lan eskaintza publikoko 22 plaza udal kiroldegietako erabiltzaileen arretarako eta instalazioetako kontrolerako postuari dagozkie (plaza hauetariko bat barne sustapenaren bidez beteko da). Lanpostuotan Batxilergoko titulazioa eta bigarren hizkuntza eskakizuna eskatuko da. Gainera, administrarien bi plaza, kirol jardueretako erdi mailako teknikari bat, goi mailako ekomomia teknikari bat eta goi mailako teknikari juridiko baten plazak ere eskainiko dira. Eskainitako plazen kopurutik, ezgaitasuna duten pertsonentzat bi plaza gordeko dira.

Aurkezteko baldintzak eta hautaketa prozesuko ezaugarriak lanpostu bakoitzeko deialdian zehaztuko dira, eta ondoren donostiakirola.eus webgunean argitaratu. Aurreikusita dagoen lehen deialdia udal kiroldegietako erabiltzaileen arretarako eta instalazioetako kontrolerako 21 plazei dagokiena da, eta prozesua 2019an zehar garatuko da.

Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak azaldu du prozesuaren helburua dela "langileen lan kalitatea bermatzea" eta, horrela, "eskaintzen den zerbitzuaren hobekuntza indartzea". Horrela, hiritarrak animatu ditu prozesuan parte hartzera: "Ateak irekita daude langile berrientzat".