Donostia Zinemaldiak Tanta Saria sortu du larrialdi klimatikoa bistaratzen duten proiektuentzat

Donostia Zinemaldiak Tanta Saria sortu du larrialdi klimatikoa bistaratzen duten proiektuentzat
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 8 julio 2026 17:29

DONOSTIA 8 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldiak ingurumenarekiko duen konpromisoa indartu du Tanta Saria sortuz, ikuspegi desberdinetatik larrialdi klimatikoa agerian jartzen duten proiektuak sustatzeko. Saria 5.000 euroz hornituta dago, eta aurtengo edizioan, Ikusmira Berriak sailean eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako lanen artean emango da.

Zinemaldiko iturriek jakinaazi dutenez, "sorkuntzari hasierako faseetan emandako laguntza indartzen jarraitzeko modu bat da" Tanta Saria, "garapenerako baliabide gisa 'ikuspegi klimatiko' bat txertatuz aldi berean".

Kontuan izanik Donostia Zinemaldia nazioartekoa eta presentziala dela eta sorkuntza, industria eta prentsa sare globalei lotuta dagoela, "ezin du neutraltasun klimatikoa autosufizientziatik erdietsi". "Horregatik, bide hori Zinemaldiaren alderdi guztiak zeharkatzen dituen lankidetza sare gisa ulertzen du: ekoizpenetik eta logistikatik hasi eta eduki eta narratibetaraino. Horregatik lantzen dugu ingurumen arloa hainbat ikuspegitatik, inpaktua ez delako puntu bakar batean sortzen eta ez delako diziplina bakar batetik ebazten", adierazi dute.

Zinemaldiaren lankidetza ildoetako bat edukien eta narratiben esparruan kokatzen da, European Climate Foundation erakundearekin egindako lanaren bidez. Aliantza horri esker, Zinemaldiak "sakonago" txertatu ahal izan du klima aldaketaren alderdi kulturala, "trantsizio ekologikoa kontatzen ditugun istorioetan eta taxutzen ditugun iruditerietan ere jokatzen dela ulertuta".

Testuinguru horretan sortu da Tanta Saria, "larrialdi klimatikoaren ikuspegi alternatiboa, eraikitzailea eta eraldatzailea osatzen duten edo osa dezaketen ikus-entzunezko proiektuak babesteko jomuga duen ekimena". Saria 5.000 eurokoa da, eta Ikusmira Berriak sailean eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako proiektuen artean banatuko da; hala, Zinemaldiak sorkuntzari hasierako faseetan emandako laguntza indartuko da, orain garapenerako baliabide gisa 'ikuspegi klimatiko' bat txertatzuz.

Gainera, lan horrek lankidetza sare baten euskarria du, Zinemaldia Greenpeace erakundearekin harremanetan baitago (Lurra Saria ematen hamar urte baino gehiago), baita Climate Spring erakundearekin ere (krisi klimatikoa zineman, telebistan eta kultura herrikoian irudikatzeko modua eraldatzen duten narratibak bultzatzeko erakundea).

"Helburua erraza baina garrantzitsua da: munduaren isla gisa ez ezik, iruditeria kolektiboak eratzen laguntzen duen baliabide gisa ere ulertzea zinema. Askotan egoera distopikoetan edo kolapsoetan kokatzen diren kontakizunen aurrean, garrantzitsua da erakustea larrialdi klimatikoa jada gertatzen ari dela, eta alternatibak pentsatu eta konta daitezkeela", azaldu dute Zinemalditik.

BORONDATEZKO KARBONO FUNTSA

Bestalde, Donostia Zinemaldiak hasieratik parte hartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Naturklimaren bidez bultzatutako Borondatezko Karbono Funtsean. Lankidetza publiko-pribatuko baliabidea da, eta aukera ematen du emisioak konpentsatzeko eta konpentsazio hori lurraldearen gaineko proiektu zehatz bihurtzeko.

Zinemaldiaren ustez, "funts hori erabakigarria da neutraltasun klimatikoa lortzeko bidean, isuriak konpentsatzen dituelako ez ezik, gure karbono aztarna zuzenean lotzen duelako ere bai ekologia lehengoratzeko, biodibertsitatea hobetzeko eta Gipuzkoan klima aldaketara egokitzeko benetako ekintzekin".

Adibide adierazgarrienetako bat Miserikordia Zaharraren inguruko esku-hartzea da, Uzturre mendian (Tolosa), non baso ekosistemak lehengoratzea eta klima babesleku irisgarri bat sortzea uztartu baitira. Jarduketa horri esker, espezie inbaditzaileak desagerrarazi eta 1.075 zuhaitz autoktono landatu dira, bereziki haritz atlantiarra (Quercus robur). Horrez gain, ingurua egokitu egin da atsedenguneekin, urarekin eta itzalguneekin.

Proiektua 2025ean garatu zen, 25 hektareatan, eta lagungarria da Hernio-Leitzaranen karbono dioxidoa harrapatzeko, erosotasun termikoa hobetzeko, lurzorua babesteko eta konektibitate ekologikorako, eta, horrenbestez, lurraldearen erresilientzia indartzen du klima aldaketaren eraginei dagokienez.

Contador

Contenido patrocinado