Donostiako 22. Giza Eskubideen Zinemaldiak eskola saioetan eta gazte epaimahaian izena emateko epea ireki du

Archivo - Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahaia
DK - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 31 enero 2025 11:54

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 22. aldia apirilaren 4tik 11ra bitartean izango da, eta eskola saioetan zein gazte epaimahaian izena emateko epea ostiral honetatik dago zabalik, urtarrilaren 31tik, Donostia Kulturako iturriek jakinarazi dutenez.

Hoirrela, ikastetxeek izena eman dezakete jada jaialdiak haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkien proiekzioetarako. Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko asmoz, antolakuntzak 'Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz', 'Basatiak' eta 'Mariposas negras' filmak eskaini die ikastetxeei.

Proiekzioak Antzoki Zaharrean izango dira, apirilaren 1etik 11ra, 10:00etan. Eskaintza doakoa da eta www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bidez eman dezakete ikastetxeek izena martxoaren 7ra arte.

Gainera, urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.

Bestalde, 18 eta 30 urte bitarteko ehun gazte inguruk osatuko dute gazte epaimahaia, Giza Eskubideen 22. Zinemaldiko Film Labur Onenaren Saria emateko, eta epaimahaikide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean eman behar da izena, martxoaren 7ra arte; behar izatekotan, zozketa egingo da martxoaren 11an.

Aurreko urteetan bezala, gazte epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du, eta horrela, epaimahaikide izango diren EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Ikus- entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.

Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 3an, film laburrak ikusteko saiora. Horrez gain, zinemaldian zehar, gutxienez, 19:00etako/19:30eko Victoria Eugeniako saioen %80ra joan beharko dute. Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea izango ditu kontuan.

Contenido patrocinado