Donostiako Kirol Ekintzak 20/21 kanpainak 20.000 leku baino gehiago eskainiko ditu

Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 28 junio 2020 10:48

DONOSTIA 28 Jun. (EUROPA PRESS) -

Donostia Kirola udal erakundeak datorren ikasturterako antolatu duen Kirol Ekintzak 20/21 kanpainak 20.000 leku baino gehiago eskainiko ditu, eta aurretiko izen-emateak egiteko epea asteartean bukatuko da, ekainaren 30ean. Donostia Kirolaren web orrian edo udal kiroldegietan egin daiteke.

Donostia Kirolak jakinarazi duenez, aurreko urteetan baino leku gutxiago eskainiko dira, ikastaroen aretoetan edukiera mugatzeko beharra dagoelako. Hala ere, udal kiroldegi gehienetan jarduera aretoen azalera handia denez, tokiak ez dira horrenbeste murriztu.

Kirola Ekintzak programaren bidez, adin guztietarako eskaintza duten 80 kirol jarduera mota baino gehiago aukera daitezke igerilekuan (igeriketa, uretako mantentze-gimnastika, bizkarreko terapia), aretoan (ziklo indoor, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 plus, judoa, tenisa, hipopresiboak) eta kalean (running edo surf).

Zozketa bidez esleituko dira Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza, Belodromoa eta Zuhaiztiko kiroldegietako jardueretarako dauden lekuak. Horretarako, interesatuek asteartea baino lehenago eman beharko dute izena.

Aurretiko izen-ematea www.donostiakirola.eus webgunearen bidez aurkeztea gomendatu du Donostia Kirolak, baina bere bulegoetan eta Bidebieta, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondo kiroldegietan ere egin ahalko dira. Zozketa uztailaren 8an egingo da.

Manteo, Mons, Pio Baroja, Tenis Ondarreta eta Arte Martzialen Aretoa udal instalazioetarako interesa dutenek klub kudeatzailearekin harremanetan jarri beharko dute, horietako bakoitzean antolatzen diren jardueretan izena emateko prozesua kontsultatzeko.

Ohiko ikastaro eskaintza horretaz gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzuari eutsiko dio. Sistema malgua da, eta pertsona bakoitzak bere kirol jarduera planifikatu dezake instalazioa eta jarduera aukeratuz, baita egin nahi den saio bakoitzaren eguna eta ordua ere. Hileko kuota bat aukera daiteke, edo etengabe eguneratzen den programazio zabal bateko saio solteak erreserbatu.

Contenido patrocinado