DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eskolaz kanpo eta sarean egingo den Mintrzaon programa berria jarriko du martxan urritik maiatzera, 8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat. Aisialdiko jarduera ludiko bat da eta parte hartzaileak euskaraz eskolatik kanpo gustura aritzea eta giro atseginean ahozko euskara lantzea ditu helburu, Jon Insausti Euskara zinegotziak azaldu duenez.
Jarduera sarean izango da, eskola orduz kanpo eta doan, eta eremu digitalean euskaraz aritzeko aukera emango die haur eta gaztetxo donostiarrei. Begirale baten laguntzarekin, solasean ariko dira jolasean ari diren bitartean: hizkuntza jokoak, erronkak, musikarekin loturiko ekimenak eta gustuko dituzten bestelako jarduerak partekatuko dituzte.
Egitasmoa irekia da eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen edonork parte hartu ahal izango du. Guztira, 350 bat parte hartzaile izango dira.
Bi aldaera eta talde txikiak izango dira: alde batetik, MintzaOn 8-12 urtekoentzat izango da (Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleentzat), eta MintzaOn+ 12-14 urtekoentzat (DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat).
Parte hartzaileak adinaren eta ordutegiaren arabera talde txikietan antolatuko dira (5-7 lagun) eta dinamizatzaile bat ariko da talde bakoitzarekin. Etxetik parte hartuko da edota haurren arduradunek egoki irizten dioten lekutik, astean behin, 45 minutuz, eskolatik atera ondoren.
Izen-ematea zabalik dago jada, irailaren 23ra arte, eta izena emateko zein ordutegia aukeratzeko formulario bat bete behar da https://www.donostiaeuskaraz.eus webgunean. Doako jarduera da, plaza mugatuak ditu eta, behar izanez gero, zozkatu egingo dira.
Jarduerari buruzko informazio guztia Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren webean jasota dago, eta jardueran interesa duten haurren gurasoekin edota adin txikikoen arduradun legalekin sareko bilera bat egingo da (parte hartzeko izena eman behar da irailaren 16a baino lehenago https://www.donostiaeuskaraz.eus webean).
EMAITZA POSITIBOAK
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak pandemia garaian egin zuen Mintzaon lehenbiziko aldiz, eta, ondoren, joan den ikasturtean proban jarri zuen egitasmoa. Emaitzak positiboak izan ziren eta haurren euskararen erabilerarako onuragarria zela ikusi zen.
Bada, alde batetik haur eta gaztetxoek ongi pasatzen dute eta ahozkotasuna indartzen dute euskara modu naturalean erabilita. Gainera, hiriko beste neska-mutil batzuk ezagutzen dituzte, hasieratik euskara harremanerako hizkuntza erabilita.
Beste alde batetik, euskara eremu digitalean ere erabiltzen dela ikus dezakete, jarrera aktiboarekin, komunikatzeko eta sozializatzeko gaitasunak garatzen baitituzte, Mintzaon-en ari diren bitartean.
Azkenik, etxean euskara erabiltzen ez denean, hizkuntza etxean sartzeko modu bat ere bilakatzen da Mintzaon; izan ere, gurasoek lagundu ohi diete neska-mutilei Mintzaon saioen hasieran konektatzen, eta, gero, taldekideek euskaraz hizketan jarraitzen dute, konektatu ondoren.