BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen Ordezkaritzak Eako Udalaren aurkako helegitea jarri du, UEMAra sartu izana salatuz, horrekin udalak dituen eskumenak gainditzen dituela argudiatuta. Bere garaian Zeraingo eta Berastegiko udalek ere helegitea jaso zuten, udal horiek UEMAra sartzeagatik.
UEMAk jakinarazi duenez, Zeraingo eta Berastegiko udalen aurkako helegiteak oraindik epaitegietan dabiltza, eta ez da horien inguruko epairik eman. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ezarritako helegitearen gainetik, ordea, "hiru udalek UEMAk jarraitzeko erabakia irmoa dela berretsi dute".
Josu Labaka UEMAko lehendakariaren hitzetan, "helegite honek, beste behin ere, agerian uzten du euskaraz bizitzeko eskubidea erabaki eta politika ausartekin bermatu nahi denean, oztopoak besterik ez ditugula oraindik". "Euskararen arnasguneak bereziki zaintzeko lege babesa aldarrikatzen ari garenean, batzuk berariaz ari dira kolpatzen arnasgune horietako udalak, benetako bizikidetzaren aldeko hizkuntza politika egiten duten bakarrenetakoak izan arren", adierazi du.
Eako Udalak 2015eko azaroaren 24an onartu zuen UEMAra sartzeko eskaera egitea. Behin udalak erabakia hartuta, UEMAra bideratu zuten eskaria, eta honek joan den urtarrilean Zarautzen egin zuen batzar nagusian onartu zuen Busturialdeko herriaren eskaera.
EZAGUTZA JAITSI
Ea, Natxitu eta Bedaroan euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da azken 30 urtean, baina hala ere udalerri euskalduna da Ea oraindik. Gaur egun, %77,1 da euskararen ezagutza indizea. Eako Udalak azaroan nabarmendu zuenez, "arnasgunea da, oraindik ere modu naturalean euskaraz egin daitekeelako, askorik pentsatu gabe. Belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du euskarak Ean".
Azken urteotako joerak, ordea, kezka sortu du herritarrengan eta udal ordezkariengan, eta horri erantzun nahi izan zioten UEMAra sartzeko erabakiarekin. "Orain bidegurutzean gaude, eta UEMAn sartzeko erabakiak datozen urteotako norabidean eragina izango du dudarik gabe. Arnasgune izaera horri eusteko ahalegina egin beharrean gaude eta azken urteotako joerari buelta eman behar diogu", nabarmendu zuen Arritxu Zelaia Eako alkateorde eta Euskara zinegotziak.
"Horregatik erabaki dugu UEMAn sartzea, indar handiagoz ekiteko, elkarrekin indar handiagoa izango dugulako. Natxitu, Bedaroa eta Ea euskaldunak izaten jarraitu nahi dugu gerora, eta izango dira horrela nahi baldin badugu", gaineratu zuen.