BILBO 28 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 12.400 langabe gutxiago izan ditu 2026. urteko bigarren hiruhilekoan eta guztira 77.200 daude, lehenengo hiruhilekoan baino %13,8 gutxiago, 7.800 lanpostu sortu ondoren. Langabezia tasa %7,11koa da, INE estatistika erakundeak astearte honetan argitaratu duen Populazio Aktiboaren Inkestaren datuen arabera.
Era berean, landunak 1.007.600 dira EAEn, hau da, lehen hiruhilekoan baino %0,78 gehiago eta 2025eko bigarren hiruhilekoan baino 12.800 gehiago (+%1,29). Langabeziaren urte arteko bilakaerari dagokionez, 80 langabe gehiago zenbatetsi dira (+%1,01). Pertsona aktiboak 1.084.800 dira EAEn, aurreko hiruhilekoan baino 4.600 gutxiago (-%0,42) eta 2025eko bigarren hiruhilekoan baino 13.600 gehiago (+%1,27).
Lurralde historikoka, Araban 156.9000 landun eta 10.700 langabe daude, jarduera tasa %56,86koa eta langabezia tasa %6,41ekoa izanik. Bizkaian, 518.300 landun eta 47.700 langaberekin, jarduera tasa %55,41ekoa eta langabezia tasa 8,39koa dira. Gipuzkoan 332.400 landun eta 19.000 langabe daude, jarduera tasa %55,49koa eta langabezia tasa %5,4koa izanik.
Bestalde, 16 urte eta adin horretatik gorako biztanleria 1.949.100 pertsonak osatzen dute EAEn urteko bigarren hiruhilekoan, eta horrela, lehenengoan baino 2.600 gehiago (+%0,13) eta 2025eko bigarren hiruhilekoan baino 16.200 gehiago (+%0,85) dira.
Sexuari begiratuta, 16.900 emakume langabe gutxiago (-%34,3) eta 4.400 gizon langabe gutxiago (-%10,9) izan dira EAEn urteko bigarren hiruhilekoan. Horrela, emakume langabeak 32.300 dira, langabezia tasa %6,25ekoa izanik, eta gizon langabeak 44.800, langabezia tasa %7,9koa izanik. Gizonen jarduera tasa %55,56koa da, eta emakumeena %51,48koa.
Gazteei dagokienez, 25 urtetik beherako 100 langabe gutxiago zenbatetsi dira EAEn 2026ko bigarren hiruhilekoan, eta langabezia tasa %21,47an kokatu da.
KONTRATUAK
Bestalde, INEren datuen arabera, kontratu mugagabea duten 21.600 langile gehiago eta aldi baterako kontratua duten 4.800 gutxiago zenbatu dira EAEn urteko bigarren hiruhilekoan. Horrela, soldatapekoak 880.000 dira guztira, eta horietatik 727.900ek kontratu mugagabea (%82,72) eta 152.100ek aldi baterako kontratua (%17,28) dute.
Lanaldi osoko landunak 17.600 gehiago izan dira bigarren hiruhilekoan (+%2,07), eta guztira 869.600 dira. Lanaldi partzialeko langileak, berriz, 9.700 gutxiago izan dira (-%6,57), eta denera 138.000 daude.
Azkenik, sektoreka, zerbitzuetan 10.700 langabe gutxiago izan dira (-%28,69), industrian 2.100 gutxiago (-%20,39), eta lehen enplegua bilatzen ari diren edo lanik gabe urtebete baino gehiago daramaten langabeak 500 gutxiago (-%1,22). Aitzitik, eraikuntzan 1.500 langabe gehiago izan dira.