EAEk eta Txinako Jinan hiriak automobilgintza, manufaktura aurreratu eta energia berrietako lankidetza sendotu dute

Andoitz Korta Jaurlaritzako Industria sailburuordea eta Xie Kun Jinango Udal Herri Gobernuko alkateordea
SPRI TALDEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 6 febrero 2025 11:13

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta Txinako Jinan hiriko udal gobernuak lankidetza akordioa sinatu dute Jinan-Shandongen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) artean aldebiko harremanak sendotu eta areagotzeko automobilgintza, manufaktura aurreratu, energia berri eta energia berriotarako ekipamenduen fabrikazioaren arloetan.

'Memorandum of Understanding (EUM)' delako hitzarmena ostegun honetan sinatu dute Andoitz Korta Jaurlaritzako Industria sailburuordeak eta Xie Kun Jinango Udal Herri Gobernuko alkateordeak, Euskadiko Teknologia Parkearen Gipuzkoako campusean, Miramonen.

EAEren eta Jinanen arteko harremana 2018an abiatu zen Txinako agintariek EAEko erakunde eta enpresetara egindako bisitarekin. Ondoren, SPRIko arduradunak Txinako hirira bidaiatu zuten eta, iaz, Jinango ordezkaritza batek EAE bisitatu eta Basque Trade & Investment bulegoarekin bildu zen elkar ulertzeko memoranduma negoziatzeko.

Bada, akordioari esker, energia berriko ibilgailu, gidatze autonomo eta ibilgailu adimendun konektatu, osagai eta talentuaren garapenari buruzko ezagutzak, esperientziak, datuak, ekimen politikoak eta I+G arloa partekatuko dituzte automobilgintzarekin eta manufaktura aurreratuarekin lotuta.

Jinan ibilgailu komertzialen eta astunen produkzioan funtsezko zentroa da eta bertan dago Sinotruk enpresa, adibidez. Gainera, azpiegituretako eta berrikuntza teknologikoko inbertitzaile handiekin ibilgailuen elektrifikazioaren aldeko apustua egiten ari da.

Era berean, Jinanek manufaktura sektore sendoa du eta azken urteotan %30eko hazkundea izan du komunikazioko eta elektronikako ekipamenduen eta eraikuntzarako eta prozesu metalurgikoetarako makina astunen fabrikazioan oinarrituta.

Halaber, ekipamenduen fabrikazioarekin, energia azpiegituraren instalazioarekin eta mantentze lanekin, sare elektriko adimendunarekin, energiaren biltegiratzearekin eta energia berriko ibilgailu elektrikoekin, manufakturakoekin, lotutako ezagutzak partekatuko dira, baliabide ekonomikoak eta legegintza arlokoak barne.

Ildo horretan, Jinan bere energia azpiegiturak hobetzen ari da, sare adimendunak erabiliz industrien energia eraginkortasunaren alde egiten baitu, bai eta energia berriztagarrietako proiektuetan ere, bereziki eguzki nergia berriztagarriekin eta eskala eoliko txikikoekin lotuta.

Gainera, inbertsio handiak egin ditu energia eta bateriak biltegiratzeko, eta hidrogeno berdean egindako inbertsioa bikoiztu du, hala nola State Power Investment Corporation buru duena, mundu mailako hidrogeno ekosistema industriala sortzea helburu duena.

JINAN

Jinan Txinako Shandong probintziako hiriburua da eta bederatzi milioi biztanle inguru ditu. Gainera, biztanleria gero eta handiagoa da industrializazioari eta urbanizazioari esker.

Ekonomikoki, Jinan Txinako gune industrial eta komertzial garrantzitsua da, bere Barne Produktu Gordina (BPG) 167.501 milioi eurokoa da (EAEkoa baino 1,8 aldiz handiagoa), eta 10.244 kilometro koadroko azalera du (EAEkoa baino 1,4 aldiz handiagoa).

Jinango funtsezko sektoreak dira automobilgintza, informazioaren teknologiak, manufaktura aurreratua, energia berriak, industria farmazeutikoa eta material aurreratuak, eta garapen ekonomikoko hainbat eremu nagusi ditu, hala nola Goi Teknologiako Eremua eta Garapen Ekonomikoko Eremua (Estatuko zein nazioarteko inbertsioak erakartzen dituzte).

Azkenik, Jinan ezaguna da bertako industria automotriza dela eta, eta enpresa handiak daude bertan, besteak beste, China National Heavy Duty Truck Group (SINOTRUK).

Contenido patrocinado