BILBO 14 Ene. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, urtarrilaren 15ean, goizean eguzkitsu egongo da, zenbait lekutan lainoa eta goi-hodeiak agertuko diren arren. Egunaren erdi aldeko orduetan hodeiak ugarituz joango dira, eta arratsalde-gau partean zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du noizbehinka, frontea pasatzen denean.
Hego-mendebaldeko haizeak zakar joko du egunaren ordu gehienetan, eta gauean indarra galduko du. Tenperatura jaitsi egingo da eta jaitsiera, batik bat, arratsaldean nabarituko da. Hiriburuetan, Baionan 7 gradu espero dira gutxienez eta 13 gehienez, Bilbon 8 gutxienez eta 15 gehienez, Donostian 7 gutxienez eta 14 gehienez, Gasteizen 2 gutxienez eta 10 gehienez eta Iruñean 3 gutxienez eta 12 gehienez.
Itsasbazterrean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin eta 5eko tarteekin, eta itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu, eta gauean 1,5 metro ingurukoak. Itsasgorak 02:18an eta 14:46an izango dira, eta itsasbehereak 08:27an eta 20:46an. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.