BILBO 20 Oct. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, gaur, urriaren 20an, frontea aldenduz joango bada ere, ipar partean zeru grisa nagusituko da, bereziki mendebaldean. Hodeitza honek, goiz partean euri-langarra utzi dezake. Arratsaldeak aurrera egin ahala ordea, astiro-astiro saretuz joango da eta ostarteak politak irekiko dira. Hegoaldean berriz, goizean zehar urdingune ederrak gailenduz joango dira.
Ipar-ekialdeko haize finarekin, fresko egingo du eta nekez gaindituko dute 15 graduko muga termometroek. Hiriburuetan, Bilbon 10 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez, Iruñean 5 gutxienez eta 15 gehienez, Donostian 8 gutxienez eta 15 gehienez, eta Gasteizen 5 gutxienez eta 13 gehienez.
Itsasoan iparraldeko haizea ibiliko da 2ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar-ekialdera aldatuko da 3ko indarrarekin. Itsaso kizkurra eragingo du hasieran eta itsaskirria ondoren. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 8:23an eta 21:23an izango dira, eta itsasbehera 15:08an. Uraren tenperatura 19-20 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.