BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gobernu Kontseiluak irakasle-ikertzaileentzako 2023ko lan eskaintza publikoa onartu du, eta lanpostu horietarako inoiz egin duen eskaintzarik handiena izango da. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu ondoren, EHUk 285 lanpostu eskainiko ditu deialdi publikoan, hala txanda irekian nola barne sustapenean.
EHUk jakinarazi duenez, eskaintzak bi multzo handi ditu: txanda irekia eta barne sustapena. Txanda irekian 229 lanpostu eskainiko dira, eta barne sustapenean 56. Lanpostuak oposaketara aterako dira, deialdiak gauzatu heinean.
Txanda irekirako onartutako lanposturik gehienak irakasle agregatuenak dira, eta barne sustapeneko lanpostuen helburua da irakasle titularren eta agregatuen karrera akademikoa bultzatzea, irakasle katedradun eta irakasle oso kategoriara igotzeko.
Lan eskaintza publiko berria Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hitzartu ondoren onartu da, eta 35 lanpostu gorde ditu I3 edo R3 akreditazioa duten irakasle-ikertzaileentzat, hau da, Ramón y Cajal edo Ikerbasque bikaintasuneko programetan parte hartu dutenentzat. Gainera, apustu sendoa egin da euskal unibertsitate ospitaletako plaza lotuak finkatzeko.
Eva Ferreira EHUko errektorearen hitzetan, "lan eskaintza publiko honek sendotu egiten du euskal unibertsitate publikoak jakintza arlo guztietan karrera akademiko erakargarriak eta kalitatezkoak sustatzeko egindako apustu estrategikoa. Eskaintza horrekin gure helburu nagusietako batean, hau da, irakasle atxikiak arin egonkortzean, pauso garrantzitsu bat emango dugu. Gainera, barne promozioari dagozkion plazen kopuruak aurreko urteko eskaintzarenak bikoiztu ditu".