BILBO, 22 (EUROPA PRESS)
Elhuyarren itzultzaile automatikoak berrikuntza batzuk iragarri ditu. Batetik, Elia (Elhuyarren Itzultzaile Automatikoa) izendatu eta itxura berritu zaio, eta bestetik, ikerketan lortutako emaitza onenak gizartearen eskura jarri dira, eta geroz eta azkarrago egiten ditu itzulpenak. Hala, duela urtebete baino lau aldiz azkarrago itzultzen ditu dokumentu formatudunak.
Elhuyarrek jakinarazi duenez, Elia garatzeko, teknologiarik berritzaileenak baliatu dituzte bere ingeniariek, besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Erosoa eta erabilerraza da oso, eta malgua, hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko.
Izan ere, Eliaren bidez, testu soilaz gain, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez, hala nola itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, edota erakundeen autentifikazio sisteman (Single Sign On bidez).
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako puntako teknologia du Eliak, eta iaz www.itzultzailea.eus-ek erakutsi zituen datuak hobetzea izango du helburu: 1.776.767 bisita eta 12.180.660 itzulpen eskaera. Guztira, 287.949.688 hitz itzuli zituen; %58 gaztelaniatik euskarara, %17 euskaratik gaztelaniara, %8 gaztelaniatik katalanera, %8 gaztelaniatik galegora, eta %9 beste hizkuntza bikoteen arteko itzulpenak izan ziren.
SEI HIZKUNTZA
Horrela, aurrerantzean, Elhuyarren itzultzailea www.elia.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta (Android nahiz iOS sistemetarako bertsioak daude doan deskargatzeko prest). Webgunean zein aplikazioan, sei hizkuntza hauen arteko itzulpenak egin daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Horretarako, aski da testua dagokion tokian idaztea, emaitza zer
hizkuntzatan nahi den aukeratzea eta 'Itzuli' botoia sakatzea.
Gainera, mugikorreko aplikazioaren kasuan, ez da testua aplikazioan bertan idatzi beharrik. Edozer irakurtzen ari dela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu, eta Elia agertuko da aukeretan. Haren gainean klik eginda, zuzenean eramango du berak aplikaziora, eta dagokion testu kutxan idatzita agertuko da kopiatu den testua.
Azkenik, irudietako testua detektatu eta itzultzeko ere balia daiteke Eliaren mugikorretako aplikazioa. Horretarako, aski da itzuli nahi den irudiari argazki bat ateratzea edo lehendik den irudi bat aplikazioan kargatzea, eta aplikazioari itzultzeko eskatzea.