DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)
Elkanori Bira herri ekimena sortu dute hainbat elkartek eta eragilek, Joan Sebastian "Elkanoren eta historia eurozentristaren inguruan hausnarketa bultzatzeko eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko", hau da, "emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak".
Ekimenarekin bat egiten duten lehen ehun norbanakoen eta eragileen zerrenda ere plazaratu dute, bost hizkuntzatan argitaratutako manifestuarekin batera. Norbanakoen artean daude, besteak beste, Uxue Alberdi eta Miren Artetxe bertsolariak, Amelia Barquin eta Asier Blas EHUko irakasleak, Eñaut Elorrieta eta Patxi Saiz musikariak, Santiago Alba Rico filosofoa, June Fernandez eta Mikel Aramendi kazetariak, eta Kattalin Miner, Hedoi Etxarte, Iban Zaldua eta Joxemari Esparza idazleak, kazetari, historialari eta mugimendu feministako zein mugimendu internazionalistako hainbat lagunekin batera.
Ekimenarekin eta manifestuarekin bat egin duten talde, elkarte eta eragileei dagokienez, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Askapena, Komite Internazionalistak, LAB, ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz fundazioa, Euskadi-Cuba elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Getariako Eskubide Sozialen Karta eta Getariako Gazte Asanblada, KEM-MOC talde antimilitarista, Ongi Etorri Errefuxiatuak edota Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundea ageri dira, hainbat herri eta eskualdetako talde feministekin eta beste hainbat eragilerekin batera.
Horrela, Elkanori Bira herri ekimenak manifestuan nabarmendu duenez, Elkanoren bidaiaren bosgarren mendeurrena aitzaki hartuta, "gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera moldatu nahi dute historia. Eta horretarako dirutza publikoa inbertitu dute kontakizun ofiziala indartzeko, hainbat kultur adierazpenen bitartez: zinema, musika, telebista, antzerkia, kongresuak, kirola".
Aitzitik, ekimenaren sustatzaileen arabera, Elkano "ez zen izan erakutsi zaigun itsasgizon eta merkatari eredugarria". "Oran hiriaren konkistan Cisneros inkisidore handiarekin batera aritu zen, eta 1519-1522 arteko bidaian era batean eta bestean hildakoak eta bortxatuak utzi zituzten, bidaide izan zituen Antonio Pigafettaren eta Francisco Alboren egunerokoek erakusten duten moduan", azaldu dute.
"ZENTZUGABEKERIA"
Horren guztiaren aurrean, Joan Sebastian Elkano omentzearen eta eredutzat aurkeztearen "zentzugabekeria" nabarmendu du Elkanori Bira herri ekimenak, horrek etorkizuna baldintzatzen duela iritzita:
"Irabazleek idatzitako historia gaur modu akritikoan aldarrikatzeak iraganeko akatsak errepikatzera garamatza. Guk, ordea, bestelako etorkizun bati ireki nahi dizkiogu ateak".
Azken batean, Elkanori Bira herri ekimenaren iritziz, "gaur egungo mundua, historia eta botere harremanak ulertzeko modua dago mendeurreneko ospakizun eta ekitaldi guztien atzean, europarrek egindakoa akritikoki onartzen duen historia, hiltzaileek idatzitakoa. Horri buelta emateko eta egia azaleratzeko garaia da, eta mendeurrena horretarako ispilu egokia denez, oraingoan, ez dugu isilik geratu nahi izan. Erakunde publikoei dagokie historia, ondarea eta memoria zaintzea. Baina, kasu honetan, ezkutatu egiten dute. Aurrerantzean, beraz, pedagogia lana egitea dagokigu, isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko".
Amaitzeko, "historia modu akritikoan eta otzanean aurkeztu nahi dutenen gainetik, eta lobby turistikoen zein interes politikoen gainetik, Elkanoren eta Gaztelako Koroaren benetako aurpegia ezagutarazteko eta zapalduen memoria aldarrikatzeko antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeko deia" egin nahi izan du Elkanori Bira herri ekimenak