Elkarretaratzea egin dute Barakaldon asteburuko emakumearen hilketa salatzeko

Barakaldoko Herriko Plazan egindao elkarretaratzea
EMAKUNDE
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 23 diciembre 2025 15:32

BILBO 23 (EUROPA PRESS)

Erakundeetako ordezkariek eta herritarrek elkarretaratzea egin dute astearte honetan Barakaldon (Bizkaia), joan den asteburuan bertako etxebizitza batean 54 urteko emakume bat hil zutela salatzeko. "Barakaldok ez du onartuko eta ez du sorgor begiratuko gure auzokide baten hilketaren aurrean", ohartarazi du Amaia del Campo alkateak.

Senideek aurkitu zuten biktima hilda joan den igandean bere etxean, eta 27 urteko gizonezko bat atxilotuta dago emakumearen heriotzarekin zerikusia duelakoan, autopsiaren arabera indarkeria erabili zelako.

Protesta bilkura eguerdian egin dute, Barakaldoko Herriko Plazan. Bertaratutakoek elkarretaratze isila egin dute, 'Emakumeen aurkako indarkeriari ez' zioen pankarta baten atzean. Bertan izan dira Amaia del Campo alkatea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, beste herri ordezkari eta hiritar ugarirekin batera.

Elkarretaratzearen ondoren hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Barakaldoko alkateak "gaitzespenik irmoena" azaldu du, eta legeak egilea zigortzea espero duela. "Eta Barakaldoko herriaren zigorra ere geratuko zaio, argi eta garbi esan baitu ez dugula onartuko eta ez dugula sorgor begiratuko gure auzokide baten hilketaren aurrean", azpimarratu du.

Bestalde, Miren Elgarrestak bat egin du igandean hil zuten emakumearen familiaren saminarekin eta babesa helarazi die. "Kasu horietarako prest dauden baliabide eta zerbitzu publiko guztiak euren eskura jartzen ditugu", esan du.

Hilketa "egiturazko arazo erraldoi baten izeberg-punta" dela ziurtatu du, "emakumeen aurkako indarkeria matxistarena, hain zuzen ere". Indarkeria hori gure bizitzako esparru guztietan ematen da, eta gure herrialdeko eta mundu osoko emakume askoren bizitza eta askatasuna baldintzatzen eta mugatzen ditu", gaineratu du.

Elgarrestak gizarte osoari dei egin dio indarkeriaren kulturaren aurka ekiteko: "Gizarte osoaren laguntza behar dugu matxismoa desaktibatzeko eta gure gizartea gero eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko".

Ildo berean, Elixabete Etxanobek nabarmendu du "garrantzitsuena" dela "gizarteak gaitzespen mezu horrekin bat egitea eta argi eta garbi esatea matxismoak hil egiten duela eta ez duela tokirik gizarte honetan".

Argitan kolektibo feminisitak emakumearen hilketa gaitzesteko beste elkarretaratze bat antolatu du Barakaldon arratsaldeko honetarako, 19:00etan, Bide Onera plazan.

Contenido patrocinado