Actualizado 06/03/2015 11:27 CET

Emakume eta gizon landunen arteko etxeko lanen banaketa, "oso desorekatua"

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) emakume eta gizon landunen arteko etxeko lanen banaketa "oso desorekatua" da, eta horrela, 2013an, hamar gizonetik bederatzik bi ordu edo gutxiago pasatzen zituen lan horietan, eta hamar emakumetik hiruk, hiru ordu edo gehiago. Banaketa horrek dakar emakume landunen ia seitik bat, "batere gustura ez egotea bikotekideak etxean egindakoarekin", Eustatek adierazi duenez.

   Horrela, etxetik kanpo lanean ari diren emakumeek 4,9 ordu ematen dituzte egunean 15 urte baino gutxiagoko seme-alabak zaintzen, eta gizonek 3,1. Halaber, mendeko pertsonak zaintzen gizonek 1,5 ordu ematen dituzte egunean, eta emakumeek 2,3.

   Emakume landunen %55,4k, lan ordainduaz gain, bost ordu edo gehiago pasatzen ditu egunean adin txikikoak zaintzen, eta %17,2k denbora horixe bera ematen du mendekoak zaintzen. Gizon okupatuen %45,1ek bi ordu edo gutxiago pasatzen ditu seme-alabak zaintzen.

   2010eko datuen aldean, seme-alabak zaintzen bost ordu edo gehiago pasatzen dituzten emakumeen portzentajea lehengoan da, eta mendeko pertsonekikoa txikituz doa.

   Bikotearen bi kideak lanean ari badira, adin txikikoak zaintzea, lanalditik kanpo, %94,7tan bien ardura da; aitarena, bakarka, %0,4tan, eta amarena bakarka %2,6tan. Mendeko senideak zaintzekotan, emakume okupatuen %31,6k egunero hiru ordu edo gehiago ematen ditu, eta gizonen %18,8k egiten du beste horrenbeste.

ALDEAK TXIKITUZ

   Oraindik ere emakumeek denbora gehiago pasatzen dute etxeko lanetan eta gizonek lan ordainduan, baina aldeak txikituz doaz, datu estatistikoen arabera. EAEko 16 urte eta gehiagoko biztanle guztiak aintzat hartuta, 2008tik 2013ra, eta lan ordainduan emandako denboraz ari garela, bi sexuen arteko aldea txikitu egin da, ordubete eta 15 minututik 57 minutura.

   Astelehenetik ostegunera, gizonen eguneko lanaldia zazpi ordu eta 48 minutu ziren, 2008an baino hamar minutu gutxiago. Egun horietan emakume landunen denbora bost minutuz luzatu da, 2013an sei ordu eta 41 minutu izanik (1993 baldin bada erreferentzia, gizonek zazpi minutu gutxiago eta emakumeek 32 gehiago).

   Denboraren erabileran ikusitako aldakuntzen zati bat lan ordaindua gutxitzeari zor zaio, bi sexuetan. 2013an gizonezkoek lan nagusian zuten partaidetza tasa %34,8 zen, eta emakumezkoena %26,5, hau da, 2008an baino %8,7 gutxiago gizonentzat eta emakumeentzat %6,2 gutxiago.

   Halaber, generoen arteko desoreka agerian jartzen du errenta ezberdinak. Horrela, mendearen hasieran gizonen errenta emakumeena halako 2,3 zen, eta 2011. urtean 1,7.

IKASKETAK

   Bestalde, batera etorri dira emakumeak gehiago izatea lan merkatuan, haien egoera ekonomikoaren aldaketa eta beste ikasketa maila bat. Goi mailako tituludunei erreparaturik, lehen emakumeak erdia pasa ziren, orain dezente gehiago gizonak baino.

   Hamar urte eta gehiagoko biztanleen %18,7 unibertsitateko ikasketa goi ertain edo ertainen tituludunak ziren 2013an: emakumeen %20,5 eta gizonen %16,9.

   Azkenik, emakumeak %6 gehiago dira unibertsitaterako sarreran: 2012/2013 ikasturtean, emakumeak %53 ziren, eta %47 gizonak. Lehen eta bigarren zikloetan (%51), graduetan (%54), master ofizialetan (%55) eta doktoregoetan (%54) emakumeak gehiago dira.