Emakumeak Zientzian programak hamar urte bete ditu eta indar kolektiboaren balioa nabarmentzeko egitaraua izango du

Emakumeak Zientzian 2026 prest
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 14 enero 2026 13:00

GASTEIZ 14 (EUROPA PRESS)

Emakumeak Zientzian programak hamargarren edizioa izango du aurten, eta, orain arteko ibilbideari ez ezik, etorkizunari ere begiratuko dio, 34 euskal erakunde bilduz indar kolektiboaren balioa nabarmenduko duen jarduera egitarau zabal bat antolatzeko.

Hain zuzen, antolatzaileek jakinarazi dutenez, 'Marea bizia gara' leloa aukeratuta, erakundeok kolektibotasunaren indarra azpimarratu dute aurtengo edizioan, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karian antolaturiko programan. Zabalik dago jardueretan izena emateko epea www.emakumeakzientzian.eus atarian.

"Elkarrekin mugimendua sortzen duten ekarpen txiki askori esker egiten du aurrera marea biziak. Ez dago pertsona bakar baten mende, ezta ekintza bakar baten mende ere. Eta horixe da, hain zuzen, sarean bultzaturiko Emakumeak Zientzian proiektuaren espiritua: emakumeen parte hartzea bultzatzen du, gizartearekin lotura estuagoa duen zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten du, eta estereotipoetatik aldentzen diren bokazio zientifikoak inspiratzeko lan egiten du", adierazi dute antolatzaileek.

Emakumeak Zientzian 2026 programa otsailaren 3tik 11rako astean garatuko da. 70 jarduera baino gehiagoko programa zabala diseinatu da Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan zehar, erakusteko ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela.

"Konpromiso partekatuak bultzaturik, Emakumeak Zientzian sarea hazi egin da, eta uste irmo batek ere lagundu du hazkunde horretan: aldaketak, posible izateko, kolektiboa izan behar du nahitaez", gaineratu dute Emakumeak Zientzian proiektuaren sustatzaileek.

Hamargarren edizioa otsailaren 3an hasiko da Donostian, Bilbon eta Gasteizen, 'Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak' ekitaldiarekin, zeinak hainbat ikerketa arlotan lan egiten duten emakume zientzialari nabarmen bilduko baititu. Egun horretatik aurrera, adin guztietako jendeari zuzendutako jarduerak egingo dituzte.

Otsailaren 11n amaituko dira jarduerak, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere, Donostiako Aquariumean egingo den jai ekitaldi batekin. Amaierako topaketa horretan, gogoeta prozesu baten ondotik eginiko manifestu edo ekintza plan bat partekatuko dute, eta horrek markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak eta ospakizunaren ardatz nagusi bihurtuko da.

34 ERAKUNDE

Emakumeak Zientzian programaren hamargarren edizioan parte hartzen duten 34 erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren ehunaren erakusgarri dira, hala nola Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCMaterials, Biogipuzkoa, CIC bioGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, EHU Informatika, EHU Kimika, Achucarro, Aranzadi, AZTI, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Biofisika Institutua, CEIT, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE eta CIC nanoGUNE.

Era berean, Cidetec, EHU Farmazia Fakultatea, EHU Ingeniaritza Eskola Gipuzkoa, EESS Bilbao, Ikerlan, Ingeniariak, Kutxa Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Euskadiko Parke Teknologikoa, Polymat, Tecnun-Nafarroako Unibertsitatea, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta Vicomtech erakundeak ere daude antolatzaileen artean.

Emakumeak Zientzian 2026 egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arabako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Bilbao Ekintzaren, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzaren eta Ikerbasquen MUBILen eta Salto Systemen laguntza du.

Ikerketa Zientifikoen Espainiako Kontseilu Nagusia, Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa, Estatuko Ikerketa Agentzia -ekimenarekin bat egin duten Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez-, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia, Biook, Skills4Science, Laboratorium Bergara, Emakunde, Lemniksata, EHUren Berdintasunerako Zuzendaritza, Donostiako Aquariuma, Donostiako convention Bureau eta Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzua ere lagutzaileak dira.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado