Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du UEMAk aurten ere

Actualizado 2019/03/25 12:14:30 CET
Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du UEMAk aurten ere
UEMA

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere, erakundeko kide diren udalekin elkarlanean. Herritarren gehiengo handi batek autolikidazio proposamena jasotzen duela kontuan hartuta, kanpainak horri eman dio aurten ere garrantzia, eta Bizkaian oraindik ere herritar askok errenta aitorpena banku eta aurrezki kutxetan egiten duenez, horietan eragiteko neurriak adosten ari da UEMA finantza erakundeekin.

Modu honetan, UEMAk jakinarazi duenez, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute UEMAk berak, udalek eta beste hainbat erakunde publikok.

Horrela, ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.

"Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere", azaldu dute UEMAtik.

HAINBAT MODU

Errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, eta lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpainarekin lortu nahi dena: batetik, "datuetan ere islatu dadin udalerri euskaldunetan euskaraz bizi garela", eta, bestetik "administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko".

Bizkaian, errenta aitorpena egiteko modu erabilienetakoa finantza erakundeen bulegoetara jotzea da. Horregatik, UEMAk zenbait finantza erakunderekin duen hitzarmenaren baitan, herritarrei errenta euskaraz egin dezaketela gogorarazteko berariazko neurriak adosten ari da finantza erakunde horiekin.

Ohi bezala, kanpainarako prestatutako material grafikoa, udalen, erakunde publikoen eta euskara talde edo elkarteen eskura jarri du UEMAk. https://mega.nz/#F!E5d2CSzZ!JvHSYrKbvDTtt5HqWTVdZw web orrian ikusi eta eskuratu daitezke kartelak, euskarriak, irudiak eta gainerako azalpen-orriak. Tartean daude errenta aitorpena egin daitekeen lekuetan jartzeko euskarriak ere, udalen webguneetarako gif animatuarekin batera.