BILBO 25 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak Karmelo eta Bonifazio Etxegarai euskalari eta euskaltzain osoen bizitza eta lana gogoratzeko mintegia antolatu du abenduaren 1erako, Akademiaren egoitzan, Bilbon.
Jardunaldia 18:00etan hasiko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren eta Aitor Esteban EBBko presidentearen eskutik. Bien artean, Karmelo Etxegarairen garaia aztertuko dute luze-zabal, Euskaltzaindiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Ondoren, mahai ingurua izango da. Bertan, forua, autonomia eta 1876-1935 bitarteko gizarte eraldaketari buruz jardungo dute Elixabete Piñol abokatu eta euskaltzain urgazleak, Josu Erkoreka legelariak, Patxi Juaristi soziologo eta euskaltzain urgazleak eta Sebas Gartzia Trujillo filologo eta euskaltzain urgazleak. Iñaki Goiogana historialari eta Sabino Arana Fundazioaren Abertzaletasunaren Agiritegiaren arduradunak egingo du moderatzaile lana.
Ondoren, 'Karmelo Etxegarai Korta (1865-1925) Testuen bilduma (poesia eta prosa) / Compilación de textos (poesía y prosa)' liburua aurkeztuko da. Horretarako, bertan izango dira liburuaren egileak, hain zuzen, Lazaro Etxegarai, Koldo Somokueto, Javier Aramendi eta Aitor Telleria.
Azkenik, bi anaien funtsak Euskaltzaindiaren eskuetan jartzeko hitzarmen bana izenpetuko dute Maria Jesus Etxegaraik (Karmeloren familiaren partez), Lazaro Etxegaraik (Bonifazioren familiaren partez) eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
ETXEGARAI ANAIAK
Gerraurreko euskalari ospetsuak izan ziren Etxegarai anaiak eta, beste askorekin gertatu den legez, ia ahantzita izan dira euskararen eta Euskal Herriaren alde egin zuten ahaleginak eta lanak. Bonifazio Etxegarai (Zumaia, 1878 - Durango, 1956) eta haren lana idazle eta intelektual talde batek berreskuratu zuen 2021. urtean.
Bonifazio abokatu euskalduna izan zen, euskal ekintza batasuna defendatzen zuena, politika alderdikoirik gabekoa eta, jakina, euskararentzat ondorio onuragarriak izango zituzkeen hizkuntza politika eraginkorraren bultzatzailea izan zen. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen 1926ko urtarrilaren 29an, eta 2023an legelariaren artikuluen bilduma mamitsua plazaratu zuen Akademiak.
Karmelo Etxegarairi (Azpeitia, 1865 - Gernika, 1925) beste horrenbeste gertatu zitzaion, neurri batean, iraganaren lanbroan galdu baitzen haren arrastoa, nahiz eta ikertzaile izugarria izan, baita historialaria eta poeta ere, euskal munduaren inguruan iker zitekeen guztia ikertu zuena.
Euskararen Akademiak euskaltzain oso izendatu zuen 1923ko azaroaren 22an. Era berean, Euskaltzaindiak bere poesiazko eta prosazko ekoizpena jaso eta argitalpen batean bildu zuen 2025ean. Liburu biak Euskaltzaindiaren webgunean eskura daitezke.