GASTEIZ 9 (EUROPA PRESS)
Etzakit, Leire Martinez, Soziedad Alkoholika, Neomak eta Celtas Cortos Gasteizko Foru plazako agertokitik igaroko dira aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietan. Kontzertuak abuztuaren 4tik 8ra izango dira, gauero, 00:00etan hasita.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak astelehen honetan azaldu duenez, "jakin badakigu zein garrantzitsua den Foru plazako kartela Gasteizko jaietako programazioan. Baliteke Kultura Sailak bultzatzen duen urteko programazio osoko jarduerarik askotarikoena eta belaunaldi gehien biltzen dituena izatea".
"Horregatik, urtero, arreta handiz aztertzen dugu egungo musikagintza, pertsona guztiek, adina edo musika gustua edozein dela ere, plaza honetan gustuko kontzertua topa dezaten. Foru plaza gasteiztar guztiena da, eta uste dut 2026ko eskaintza honek eman beharreko maila emango duela", ziurtatu du.
Bost kontzertu horiei beste bat gehituko zaie, jaien aurretik abuztuaren 3an izango dena, eta horrela, sei izango dira 2026ko Andre Maria Zuriaren jaietan Foru plazako oholtzann eskainiko diren kontzertuak. Laster iragarriko da kontzertu hori, eta "oso proposamen berezia" izango da.
"Behin baino gehiagotan esan dut jaien bezpera instituzionalizatu egin behar zela, eta, horregatik, 2026an, abuztuaren 3ko jaien aurreko kontzertua mantenduko dugu. 2024an eta 2025ean hitzordu horrek izandako arrakastak erakutsi digu gasteiztarrek ospatzeko gogoa dutela eta erantzun positiboa ematen diotela jaien aurreko kontzertu horri", adierazi du zinegotziak.
Bada, iragarritako talde eta artistei dagokienez, Etzakit taldea abuztuaren 4an izango da Foru plazan, Leire Martinez abeslaria 5ean, Soziedad Alkoholika taldea 6an, Neomak taldea 7an eta Celtas Cortos taldea 8an.