Eusebio Maria Azkue omenduko dute ostiralean Lekeition

Eusebio Maria Azkueren irudi bat
Foto: EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 21:12

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordearen ekimenez, ostiral honetan, irailaren 20an, Akademiak eta Lekeitioko Udalak (Bizkaia) Eusebio Maria Azkue (1813-1873) euskal idazlea omenduko dute bere jaioterrian, hots Lekeition. Hori dela eta, hitzaldi sorta bat eskainiko zaio hiru ikerleren eskutik: Jon Kortazar, Josu Bijuesca eta Xabier Altzibar.

   "Ez da asko Eusebio Maria Dolores de Azkuez dakiguna", diote haren idazlanen bilduma kritikoa argitaratu zuten Asier Astigarragak eta Josu Bijuescak. Hortaz gain, kexu agertzen dira zenbaitetan aitortzen zaion meritu bakarra delako Resurreccion Maria Azkue euskaltzale handiaren aita izatearena.

   Duela 40 urte Euskaltzaindiak beste omenaldi bat egin zion Lekeition bertan eta, hantxe, beste idazle lekeitiar batek, Eusebio Erkiaga euskaltzainak, hitzaldi luze bat irakurri zuen haren bizitza eta lanak goratuz.

   Eusebio Maria Azkue Lekeition jaio bazen ere, haurtzaroa eta gaztaroa Zamudion eman zuen, hangoa baitzen bere aita. Ama, berriz, lekeitiarra. Horregatik, agian, ez zitzaion kostatu Lekeitiora lanera etortzea, bertako Nautika eskolako irakasle gisa. Poeta batetik, bere garaian argia ikusi ez zuten poesia mordo baten egile grinatsua, eta, bestetik, herritarren artean matematikari ospe nabarmenekoa izan zen. Gizon bereziki umoretsu, zirikatzaile eta alaia zen, bere idazlanek erakusten duten bezala.

   Horrela, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, Lekeitioko Kultura Etxean, omenaldia eskainiko zaio, Maitane Larrauri Lekeitioko alkatearen, Jon Kortazarren ("Eusebio Azkueren poesiaren bidetik"), Josu Bijuescaren ("Parnasotik Euzkadira. Eusebio M. Azkueren poesigintza eta nazio identitatea"), Xabier Altzibarren ("Zein dira eta zein ez E. M. Azkueren bertsoak?") eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren parte hartzearekin.

Contenido patrocinado