EUSKADI.-Emozioek elikadura-nahasteak aurreikusten lagundu dezaketela dio EHUko tesi batek

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 marzo 2009 13:37

BILBO 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Elikadura-nahasteak izateko arriskua aurreikusten laguntzeko zenbait aldagai emozionalek izan dezaketen balioa aztertu dute Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) tesi batean. Aztertutako aldagaiak dira, besteak beste, emozio negatiboak erregulatzeko modua eta emozioen espresioarekiko jarrera.

Tesiaren egilea Aitziber Pascual Jimeno da, eta tesia, berriz, "Las emociones y la regulación emocional en los trastornos alimentarios: papel predictor y perfiles emocionales". Aitziber Pascual Psikologian lizentziaduna da, eta EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Haien Garapena saileko Itziar Etxebarria Bilbao eta Maria Soledad Cruz Saezen zuzendaritzapean egin du ikerketa. Gaur egun, irakasle lanetan dabil unibertsitatean.

Ikerketak bi helburu ditu: batetik, zenbait aldagai emozional elikadura-nahasteen garapenean garrantzitsuak diren jakitea eta, bestetik, dagoeneko elikadura-nahaste bat duten edo horrelakorik pairatzeko arriskua duten emakumeen profil emozionala zehatzago ezagutzea.

Azterketa egiteko, honako aldagai emozional hauek zehaztu ditu ikertzaileak: emozioen pertzepzio negatiboa, emozio-adierazpenekiko jarrera negatiboa, alexitimia -norberaren emozioak identifikatzeko eta hitzez adierazteko gaitasunik eza-, emozio negatiboak erregulatzeko era, eta esperientzia emozionalari dagozkion aldagaiak -emozio positiboen eta negatiboen maiztasuna, antsietatea, autoestimu baxua, eta elikadurak, pisuak eta gorputzaren itxurak gogo-aldartean duten eragina-.

Gainera, beste aldagai bat ere hartu du kontuan: kontrol-beharra. Aldagai hori ez da zorrozki emozionala, baina osagai emozional nabarmena du. Izan ere, kontrol-behar handia duten pertsonek, kontrol-falta sumatzen badute, antsietatea eta ondoeza pairatzen dituzte.

IKERKETA, EMAKUMEETAN

Azterketa egiteko, 433 emakumek hartu dute parte; horietako 143k nolabaiteko elikadura-nahasteren bat dute, eta 145ek, berriz, elikadura-nahasteren bat pairatzeko arriskua. Azterketaren emaitzek erakusten dute aurkeztutako aldagai gehienak, oro har, elikadura-nahasteen arriskua aurrez ikusteko erabil daitezkeela.

Dena den, elikadura-nahaste bat garatzeko arriskua hobekien erakusten dutenak dira elikadurak, pisuak eta gorputzaren itxurak pertsonaren gogo-aldartean gehiegizko eragina izatea, autoestimu baxua izatea, eta, antsietate-egoeren aurrean, emozioak ez adieraztea eta oldartsu jokatzea.

Emaitza horiek inplikazio garrantzitsuak dituzte, batez ere, elikadura-nahasteen prebentzio programak garatzeko orduan. Lortutako datuetan oinarrituta, baieztatu daiteke prebentzio-programetan kontuan hartu beharko liratekeela Aitziber Pascualen ikerketan aztertutako aldagai emozional asko.

Elikadura-nahasteak gaixotasun oso larriak dira, gero eta hedatuago daude, eta ondorio garrantzitsuak dituzte pertsonen maila fisiko, psikologiko eta sozialean. Nahaste horien garapenean eragina duten faktoreak ezagutzeko hainbat ikerketa egin dira, baina ez da asko ikertu aldagai emozionalek nahastearen hasieran duten eragina. EHUn aurkeztutako tesian, gai horretan gehiago sakondu nahi izan da.

Contenido patrocinado