BILBO 28 Ene. (EUROPA PRESS) -
Kaotiko taldeak kontzertu bat eskainiko du bihar, 21:30etan hasita, Barakaldo (Bizkaia) Rockstar Live aretoan, "Adrenalina" azken diskoko abestiak aurkezteko asmoz, Bizkaiko hiriburuan azken aldiz izan zirenetik hiru urtera. Kontzertua ETBk grabatuko du eta zuzenean ikusi ahal izango da aurrerago ETB-3ko "Gaztea Live" saioan.
2008ko martxoaren 5ean, "Adrenalina" disko biziaren aurkezpenarekin ibilbide berri bati hasiera eman zion Kaotiko Aguraingo (Araba) taldeak, Oihuka diskoetxearekin. Abestietan, "tenpo arinak, melodia erakargarriak eta gogoan geratzen diren errepikak" erabiltzen ditu Kaotikok.
Maitasuna eta elkartasunezko sentimendu samurrekin batera, sistemari kritika latza egiten diote abestietako hitzetan, "ahaltsuak boteretsuago eta babesgabeak txiroago bilakatzen baititu sistemak". Horrela, bizitzaren aurrean jarrera tinkoak, animoak eta itxaropenezko mezuak nahasten dituzte kantuetan.
Taldeak 50 kontzertu baino gehiago eskaini ditu 2008an zehar (Gasteiz, Madril, Bartzelona, Burgos, Jaen, Galizia, Katalunia eta abar), eta 2009ari begira, furgoneta hartu eta berriro zuzeneko jardunari ekingo dio, Soria, Logroño, Zaramillo, Santander, Zaragoza, Barakaldo, Caceres, Oviedo, Galizia, Burgos, Valladolid, Salamanca, Madril eta Aginagan kontzertuak eskainiz, besteak beste.
Bira horren barruan, bihar, taldeak kontzertu berezi bat emango du Barakaldoko Rockstar Live aretoan. Hiru urte pasa dira Kaotikok Bilbo inguruan eman zuen azken kontzertutik eta taldeak "betidanik jarraitu eta atzetik izan duen publikoaren aurrean emanaldi izugarri bat eskaintzeko sekulako grina sentitzen du". Kontzertua ETBk grabatuko du, ETB-3ko "Gaztea Live" saioaren barruan emateko. Halaber, www.eitb.com/gaztea webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da.