Euskadi kolon eta ondesteko minbiziaren baheketan munduko erreferentzia bilakatu da heriotza tasa %50ra murrizteagatik

Euskadi kolon eta ondesteko minbiziaren baheketan munduko erreferentzia bilakatu da heriotza tasa %50 murrizteagatik
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 6 agosto 2026 13:44

BILBO 6 (EUROPA PRESS)

JAMA Network Open nazioarteko zientzia aldizkari ospetsuak Osakidetzako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren osasun ikerketako institutuetako profesionalek eta ikertzaileek egindako azterlan bat argitaratu du. Gorozkien test immunokimikoaren (FIT) bidezko baheketarekin %50,1 murriztu da kolon eta ondesteko minbiziaren ondoriozko hilkortasuna 50-69 urteko pertsonen kasuan.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, "azterlan horrek kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programaren eraginkortasuna berretsi du, eta Euskadi munduko erreferentzia gisa kokatu du prebentzioan eta detekzio goiztiarrean". Euskadin erregistratutako 438.000 heriotza baino gehiago aztertu ditu, eta egiaztatu du 2012az geroztik, hots, programa hasi eta hiru urtera, hilkortasunak etengabe egin duela behera.

Lanaren buru Luis Bujanda doktorea izan da, Donostia Unibertsitate Ospitaleko klinikoa eta Biogipuzkoako Gibeleko eta Urdail hesteetako Gaixotasunen Arloko arduraduna, eta Osakidetzako eta Biobizkaia eta Biogipuzkoa osasun ikerketako institutuetako ikertzaile eta profesionalen talde batekin batera jardun du. Egileen artean, honako hauek aipa daitezke: Beatriz Val, Isabel Portillo, Isabel Idigoras-Rubio, Jesus M. Bañales, Maria A. Gutierrez-Stampa, Arantza Lopez de Munin, Covadonga Audicana, Oscar Calleja, Joaquin Cubiella eta Laura Izquierdo-Sanchez.

Nazioartean oso ospe handia duen aldizkari horretan argitaratu izanak Euskadik esparru horretan lortu duen zientzia, antolamendu eta laguntza maila ziurtatzen du. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, "emaitza hori ebidentzian, etengabeko ebaluazioan eta euskal osasun sistema publikoak irismen handiko programak kalitate maila handiekin antolatzeko duen gaitasunean oinarritutako urteetako prebentzio politikaren isla ere bada".

PREBENTZIOAREN ARRAKASTA

2009an abian jarri zenetik, baheketa programa euskal osasun sistemaren prebentzio tresna nagusien artean finkatzea lortu da. Batez besteko parte hartzea %70era iritsi da, eta kolonoskopiarekiko atxikimendua, emaitza positiboa izan ondoren, %90etik gorakoa da. Gainera, baheketaren bidez detektatutako minbizien %70 baino gehiago I. eta II. estadioetan diagnostikatzen dira, eta horrek nabarmen hobetzen ditu tratamenduarekin sendatzeko aukerak.

Euskadin, programarekiko atxikimendua %77koa da, eta Estatuko batez bestekoa, berriz, %43koa. Datu horrek herritarren konfiantza, sistemaren irisgarritasuna eta prebentzio estrategia publikoaren indarra islatzen ditu. Ezarri zenetik, koloneko minbiziaren ondoriozko 6.000 heriotza baino gehiago saihestu ditu programak, eta osasun kostuak murrizten ere lagundu du, kirurgiak, ospitaleratzeak eta tratamendu onkologikoak saihestu baititu.

Gainera, Euskadi kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa 70 urtetik 74ra zabaldu duen Estatuko lehen autonomia erkidegoa izan da. Urrats horrek sendotu egiten du prebentzioan duen lidergoa eta herritarren osasun premiei aurrea hartzeko duen gaitasuna.

Zabalkuntza horrek, estalduran, atxikimenduan eta detekzio goiztiarrean lortutako emaitza onekin batera, berretsi egin du kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa emaitzetara bideratutako osasun politika eraginkor eta jasangarriaren eredu bihurtu duen estrategia publikoaren sendotasuna.

EUSKO JAURLARITZAREN KONPROMISOA

Eusko Jaurlaritzak prebentzioarekiko konpromisoan kokatzen du lorpen hori, Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunezko ildoetako bat baita. JAMA Network Open aldizkarian, programaren inpaktu klinikoa ez ezik, plangintzaren kalitatea, inbertsio publikoaren jarraitutasuna eta euskal osasun sistemaren koordinazio gaitasuna ere aitortzen dira.

Alberto Martinez Osasuneko sailburuak azaldu duenez, "azterlan honek berretsi egin du kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa politika publiko eraginkorra eta ekitatiboa dela eta herritarren osasunean eragin handia duela. Euskadi aitzindaria izan zen haren ezarpenean, eta apustua zuzena izan dela ikus dezakegu gaur: bizitzak salbatzen ari gara".

Bestalde, Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok azpimarratu duenez, "prozesuaren kalitatea, irisgarritasuna eta herritarren konfiantza funtsezkoak dira. Azterlan honek erakutsi du gure profesionalen ahaleginak euskal herritarren osasunerako emaitza errealak eta neurgarriak dituela".

Contador

Contenido patrocinado