EUSKADI.-Motor bateko ekipajea lapurtu eta jabea cutter batekin mehatxatu duen 30 urteko gizon bat atxilotu dute Donostian

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 14 agosto 2008 16:11

DONOSTIA 14 Ago. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak H.C. 30 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo Donostian, larderia erabiliz lapurreta delitua egin izana leporatuta. Motor batean utzi zituzten gauzak lapurtzen saiatzen ari zela, jabea objektu zorrotz batekin mehatxatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak 15:00ak aldera jazo ziren, Donostiako Easo kalean. Aparkatuta zegoen motor baten jabea ibilgailurantz zihoan bueltan, emakumezko batekin batera, eta gizonezko bat ekipajea lapurtzen saiatzen ari zela ikusi zuen. Kanpadenda bat, lozakuak, sakelako telefono bat, uretako motorretan ibiltzeko bi jantzi eta beste hainbat gai zeuden bertan.

Salaketan jasotakoaren arabera, harrapatu zutenean, lapurrak cutter bat atera zuen (antza denez, motorrean utzitako objektuei eusten zien sarea ebakitzeko erabilitakoa) eta biktima mehatxatu zuen, ihes egiteko. Handik gutxira, biktimak eta berarekin zegoen emakumezkoak laguntza eskatu zioten Ertzaintzaren patruila uniformatu bati. Agenteak erasotzailearen bila hasi ziren eta gainerako patruilak jakinaren gainean jarri zituzten.

Minutu batzuk geroago, susmagarriaren deskribapenarekin bat egiten zuten ezaugarriak zituen gizonezko bat topatu zuten Aita Binuesa plazan, eta lapurtutako gaiak aldean zeramatzala ikusi zuten. Atxilotua epailearen esku utzi zuten gero.

Contenido patrocinado