BILBO 19 Abr. (EUROPA PRESS) -
Euskadiko Orkestrak 2022-2023ko denboraldiko zortzigarren programari ekingo dio ostegunean, apirilaren 20an, 'Arimatik' izenburupean. Christoph-Mathias Mueller zuzendariak lehen aldiz gidatuko du euskal orkestra, eta bakarlari gonbidatua "lagun handi" bat izango da, Frank Peter Zimmermann biolin jotzailea, hain zuzen ere.
Bost kontzertu izango dira ohiko lau hiriburuetan: ostegunean eta ostiralean, apirilaren 20an eta 21ean, Donostiako Kursaal auditoriumean; hilaren 24an Iruñeko Baluarte auditoriumean, 25ean Euskalduna Bilbao jauregian eta 26an Gasteizko Principal antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira, Euskadiko Orkestrak jakinarazi duenez.
Kontzertu programaren protagonista nagusia bakarlari gonbidatua izango da, Frank Peter Zimmermann, "Euskadiko Orkestraren lagun handia", duela bi hamarkadatik kontzertu denboraldian sarritan aritu dena.
Orkestra batekin hamar urterekin debutatu zuenetik, Zimmermann nazioarteko orkestra garrantzitsu ia guztiekin aritu da jotzen (Boston eta Chicagoko sinfonikoak eta Viena eta Londresko filarmonikoak, besteak beste), eta gaur egun jardunean dauden biolinista guztien arteko errepertoriorik luzeenetakoa du. "Dena irabazi, grabatu eta interpretatu du", idatzi dute hari buruz.
L.V. Beethoven-en 'Fidelio' operaren obertura, Edward Elgar-en 'Biolinerako kontzertua' eta Alexander Veprik-en 'Bi poemak' izango dira entzungai. Kontzertuotarako sarrerak salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumen web guneetan eta leihatiletan, 10 eta 38 euro artean.