Euskaltzaindiak diplomak eman dizkie euskaltzain urgazle berriei

Euskaltzain urgazle berriak
Foto: EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 28 marzo 2014 14:44

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak 2013an izendatu zituen euskaltzain urgazleei diplomak eman dizkie gaur, martxoaren 28an, Bilboko egoitzan. Ekitaldian 13 euskaltzain urgazle berriak izan dira eta honela dioen diploma bana jaso dute: "Euskaltzaindiak euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, urgazletzat hartu du".

   Akademiak 14 euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak 2013an, eta horietatik 13 izan dira gaurko ekitaldian -Iñaki Aldekoak ez du etortzerik izan-. Aldekoaz gain, hauek dira izendatuak: Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi, Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa eta Iratxe Retolaza.

   Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi dienez, "ohorerako baino, lanean jarraitzeko deia duzue hau. Begien bistakoa da eta horretan ari garela azken urte hauetan, uste baitugu Euskaltzaindiak bere ateak ireki behar dizkiela euskararen arloan egunotan bizien dabiltzan sektoreei. Hor ari zarete zuek ere, andrazko zein gizonezko, idazletzan, kazetaritzan, zientzian, teknikan, administrazioan, irakaskuntzan, ikerketan eta bestelakoetan. Hortxe eta akademian ere nahi zaituzte Euskaltzaindiak, euskara eguneratu baten eskakizun eta premiei erantzun egokia emanez".

   Bere esanetan, "Akademiak badaki zer den lan hori eta berori barruratu nahi du, aukera emanez belaunaldi berriei, parte har dezaten Euskaltzaindiaren zereginetan". Euskaltzaindiak euskaltzain urgazleak "aintzat hartu, lanean jarri eta baliatu" behar dituela adierazi du. "Lehen ere hala egin du, eta hurrengoetan ere hala egin beharko du, bere egitekoa ondo bete nahi baldin badu. Beharrezkoak dira baliabide eta tresna berriak", gaineratu du.

   Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak ere mintzatu zaie urgazle berriei, eta zera esan die: "Katea ez da eten, gogoratzen zigun Koldo Mitxelena maisuak. Horrela gaurko euskaltzainon kezkak eta ahaleginak ez dira gurekin amaituko. Euskal Herriko hizkuntza nazionala, euskara, kontserbatzeko, zaharberritzeko, denbora eta zeregin berrietarako egokitzeko ardura hori, zuengana pasatuko da, bidean izan ditzakegun arazoak guztion artean aztertu, kritikatu eta ahalik eta egokien konpontzeko".

   Dorleta Alberdi euskaltzain urgazle eta kazetariak aurkezpen lanak egin dituela, urgazle berriek diploma eta Euskaltzaindiaren ikurra jaso dute. Ekitaldian zehar, musika izan dute lagun bertaratutakoek, Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea musikariek parte hartu baitute omenaldian, Nemesio Etxanizek, Piarres Topet "Etxahun"ek edota Xabier Letek idatzitako poema musikatuak interpretatuz.

Contenido patrocinado