Euskaltzaindiak XXI. mendeko 'Euskararen Gramatika' argitaratu du

'Euskararen Gramatika' Aurkeztu Du Euskaltzaindiak
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 3 diciembre 2021 13:25

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak XXI. mendeko 'Euskararen Gramatika' argitaratu du. Azken 25 urteetan argitaratu diren gramatikek baliatzen dituzten kontzeptuak aintzat hartu dira, bai eta azken urteetan egindako ikerketa teorikoak ere, nahiz eta gramatika berria "deskribatzailea" den, "ez teorikoa".

Akademiaren egoitzan aurkeztu dute lana ostiral honetan, Bilbon, eta bertan izan dira Miren Azkarate euskaltzain osoa eta Gramatika batzordeko kidea, Pello Salaburu euskaltzain osoa eta Gramatika batzordeburua eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Salaburuk 'Euskararen Gramatika'-k dakartzan berritasun aipagarrienak nabarmendu ditu. Horrela, 'deklinabide' eta 'kasu-sistema' kontzeptuak bereizi dira, eta, Van Eysek XIX. mendearen amaieran egin bezala, euskaraz 'kasu atzizkiak' eta 'postposizio atzizkiak' ere.

'Argumentu egiturak' eta 'paper tematikoak' kontuan hartu dira aditzen sailkapena egitean, baita hitz elkarketa eta eratorpena aztertzean ere.
'Hitz ordena' kontzeptua ikuspegi zabalago batetik aztertu da, 'sintaxi egitura' eta 'informazio egitura' bereizi dira, eta informazio egitura aztertzean EGLU-I Eranskineko kapitulua osatu da.

Halaber, morfologia lexikoari zazpi kapitulu eskaini zaizkio, eta Euskaltzaindiak hitz elkarketaz argitaraturiko lau liburukiak laburtu eta eratorpen atzizkiak banaka aztertu dira. Izenari, adjektiboari, izenordainei, adberbioari, determinatzaileei eta aditzei eskainitako kapituluak sakonki berritu dira.

Perpausetik goragoko ikuspegian sakondu eta diskurtso markatzaileei bi kapitulu mardul eskaintzea ere erabaki da, eta argitaratu zenean guztiz berria zen lokailuen gaia osatu, diskurtso markatzaileen barruan kokatuz.

Dena den, Salaburuk ohartarazi duenez, "honekin euskararen gramatika osoa idatzi dela esan daiteke? Ez. Gramatika gaien azterketa, munduan dauden diziplina guztiekin gertatzen den gisan, ez da inoiz ere agortzen".

Contenido patrocinado