DONOSTIA 15 (EUROPA PRESS)
UZEI terminologia eta lexikografia zentroak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzarako esparru hitzarmena sinatu dute astearte honetan unibertsitatearen Donostiako campusean, euskararen modernizazioa, estandarizazioa eta normalizazioa bultzatzeko helburuarekin.
Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du, eta Imanol Urbieta UZEIko zuzendariak eta Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak sinatu dute, terminologia eta lexikografia zentroko iturriek jakinarazi dutenez.
Bi erakundeak zenbait proiektutan elkarlanean aritu izan dira jada, eta, elkarlan hori egonkortzeko, lankidetzarako esparru hitzarmena sinatu dute bi helburu nagusi kontuan hartuz.
Alde batetik, Deustuko Unibertsitateak, euskararekiko duen konpromisoaren esparruan, euskal terminologiaren estandarizazioan eta normalizazioan lagunduko du, UZEIrekin elkarlanean eta Euskalterm terminologia bankuaren erabilera bultzatuz.
Beste alde batetik, bi erakundeek beren nahia adierazi dute euskararen modernizazioari aplikatutako ikerketan lankidetza formulak sortzeko, giza baliabideak eta baliabide materialak gehiago eta hobeto aprobetxatzeko eta, aldi berean, harremanak sendotzeko.