Euskararen arnasguneak indartu eta garatzeko proposamenak aurkeztu dizkiote UEMAk eta Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari

Fernandez de Betoño, Bilbao eta Labaka
UEMA
Actualizado 2016/09/14 11:49:57 CET

GASTEIZ, 14 Sep. (EUROPA PRESS) -

UEMAk eta Kontseiluak euskararen arnasguneak indartu, garatu eta aintzat hartzeko proposamenak aurkeztu dizkiote asteazken honetan Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Eusko Jaurlaritzak datorren legegintzaldian onartu nahi dituen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurralde antolaketarako gidalerro berriak direla eta.

Oregik jakinarazi zuen 2015eko azaroan hasitako prozesua 2018ra arte luzatuko dela, tarte horretan eragile askoren proposamenak entzun ahal izateko. Erronda horren baitan, asteazken honetan UEMArekin eta Kontseiluarekin bilera izan du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, eta bertan hainbat proposamen egin dituzte bi erakundeek, lurralde antolaketak euskaran duen eragina kontuan hartuta.

Horrela, euskararen arnasguneak indartu, garatu eta aintzat hartzeko proposamen hauek, Unai Fernandez de Betoñoren (EHUko Arkitektura Saila eta UEUko kidea) eta Iñigo Urrutiaren (EHUko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Saila) ekarpenak izan dituzte. Fernandez de Betoño bera UEMAk eta Kontseiluak Jaurlaritzarekin Lakuan izan duten bileran izan da, UEMAko lehendakari Josu Labakarekin eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera.

UEMAren, Kontseiluaren eta bi aditu aholkularien proposamena lurralde antolaketarako gidalerroak berritzeko Oinarrizko Dokumentuarekin "bateragarria eta osagarria" dela ziurtatu dute.

Zortzi puntuz osatutako lana da, eta, besteak beste, euskararen arnasguneen kontzeptua gehiago garatzea proposatzen du. Halaber, "garapen orekatua" bultzatzea planteatzen du, prebentzio neurrien (ELE, adibidez) edo neurri zuzentzaileen bidez, "hizkuntza dinamikak kaltetzeko arriskua duten egitasmoei mugak jartzeko aukera emanez".

"Egoitza kuantifikazioa egiten denean, euskararen lurgune bereziak babestea eta zabaltzea ezinbestekoa da, eta, beraz, horiek kontuan hartuko dituen araubide zehatza osatzea", azaldu dute.

Gainera, euskaldunen dentsitatea babesteko eta berezitasun geografikoetan hobeto sakontzeko, Euskararen Lurralde Plan Sektoriala "berandu baino lehen" garatzea ere proposatzen du, "euskararen eta lurraldearen inguruko politikak erkidego osoaren eskalan zehatzago hausnartuz eta bideratuz".