BILBO 8 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak euskararen garapenarekin eta gizarteratzearekin duten konpromisoa berretsi dute asteazken honetan urteko lankidetza hitzarmena izenpetuz. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute hitzarmena, udaletxean.
Andres Urrutiak hitzarmenaren onurak aletu ditu aurkezpenean, eta gogoratu du ekimenez bete zirela aurreko hitzarmenak, oraingoan ere beste horrenbeste gertatzen dela. "Hitzak hitz, hortxe daude bi erakundeen arteko ekimenak, euskara hainbat erakustaldiren bidez zabaltzeko eta gizarteratzeko eginikoak: antzerki-lanak direla, jardunaldiak direla, argitalpenak direla, sare sozialen inguruan eta ingurune digitalaren inguruan eginikoak", azaldu du.
Bere hitzaldian, euskaltzainburuak keinu txiki bat egin dio alkateari: "Bilbotik ari gara eta Bizkaia eta Euskal Herria ditugu jomugak. Beraz, jarraikortasuna eta, aldi berean, berriztatze aukerak jorratzen eta aztertzen ari gara etengabe. Aurten, Juan Mari Aburtori eskerrak ematea da legezkoa, modu berezian, gainera, Euskaltzaindiarekin erakutsi duen atxikipenagatik eta hitzarmen honi eman dion bultzadagatik. Berari eskerrak baita ere aintzat hartu dituelako Euskararen Akademia eta honen eraginkortasuna eta, zer esanik ez, argi adierazi nahi diogu abegikor hartuko dugula beti Plaza Barrian eta, nola ez, aurrerantzean ere erakundearekin lan egiteko ateak zabalik dituela, parez pare".
Bere aldetik, Juan Mari Aburtok adierazi du akordio hau funtsezko urrats bat dela Bilbon euskararen garapenean eta gizarteratzean aurrera egiteko. Azpimarratu duenez, hitzarmenak "hizkuntza aholkularitza eskaintzen dio Udalari, eta hizkuntza biziberritzeko eta gure kultura zabaltzeko hainbat ekimenen antolaketa bideratzen du".
2026KO HITZARMENA
Aurtengo hitzarmenari dagokionez, Euskaltzaindiak jarraituko du Bilboko Udalari laguntza eta aholkularitza ematen euskararen normalizazioaren eta garapenaren arloan, bai hizkuntzari berari dagokionez, bai eta hizkuntza gizarteratzeko lanetan ere. Orobat, bere egoitzako zerbitzu orokorrak baliatuz, elkarteek, erakundeek eta herritarrek eskatzen dizkioten informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaini ditu Euskaltzaindiak.
Era berean, Bilbok euskararen indarberritzean duen garrantzia aintzat harturik, Bilboko Udalarekin lankidetzan, Euskaltzaindiak, Bilboko Plaza Barriko 15ean daukan egoitzako zerbitzuak eta azpiegiturak eskaini ditu euskararen erabilera indartzeari, euskarazko sorkuntzari eta euskal kulturaren zabalkundeari lotutako hitzaldiak, kantaldiak, errezitaldiak, erakusketak, aurkezpenak, kultura ekintzak eta abar antolatzeko.
Azkenik, otsailean, 'Lautan hiru antzerki txikia, festibal handia' egitasmoaren zortzigarren edizioa antolatu zuen Euskaltzaindiak, Bilboko Zazpikaleetako eragileekin batera (Tartean konpainia, BIRA Kultura eta 7Katu gaztetxea). Ikuskizunak otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an antolatu ziren. Era berean, euskarazko antzerki sorkuntza zein ekoizpena sustatzeko laguntzaren zazpigarren deialdia egin da.