'Euskararen marka' ikerketa proiektua aurkeztuko dute asteartean, Bilbon

Publicado: lunes, 9 septiembre 2019 13:28

BILBO, 9 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta euskalgintzako eragile Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Elkar Fundazioak, Berria Fundazioak, Elhuyar Fundazioak, AEK-k, Emunek, Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak 'Euskararen marka' izeneko ikerketa proiektua garatu dute, eta asteartean aurkeztuko dute, Bilbon.

EHUk jakinarazi duenez, NIK ikerketa taldea sortu da euskararen marka aztertzeko helburu nagusiarekin, gaiaren gainean lan egiten duten ikerlariekin. Alor akademikoan proiektu aitzindari eta berritzailea da, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehenengo aldia baita nazioartean.

Hizkuntza markagintzaren (language branding) kontzeptualizazioa eta hori aztertzeko metodologia garatze bidean dago, beste edozein herrialdeetako plangintza linguistikoan baliagarri izan daitekeen ekarpen berria eginez. Bestalde, euskararen ezagutza gero eta hedatuago dagoen honetan, eta auzia erabilerara ekarrita, hizkuntzen marka "giltzarria" izango da hizkuntza aukeraketa egiteko orduan eta euskalgintzaren ahaleginak norabide horretan ere bideratu beharko dira.

'Euskararen marka' proiektua aurkezteko ekitaldia Bizkaia Aretoan izango da, Bilbon, asteartean, goizeko 11:30ean. eta egitasmoan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariak batuko ditu.